Jose Luis Borde oroituko dute 31. Mendi eta Abentura Astean
Bihartik igandera ospatuko da mendi eta abentura astea. Lau ikus-entzunezko eskainiko dituzte asteartean hasi eta ostiralera bitartean. Iaz hil zen Jose Luis Borde ‘Moreno’-ri omenaldia egingo diote ostiralean.

Ormaiztegiko Mendi eta Abentura Asteak 31. edizioa du aurtengoa. Asteartean hasita, igandera arte luzatuko da. Lau ikus-entzunezko eskainiko dituzte ostiralera bitarte, egunero, 19:00etan gizarte etxean, eta mendi irteera batekin eta gaztaina janarekin amaituko dute igandean. Aurten, iaz zendu zen Jose Luis Borde Morenori omenaldia egingo diote. Mendi taldeko kidea izan zen eta urtetan aritu zen Ormaiztegiko mendi astea antolatzen.
Ostiralean egingo diote Morenori omenaldia, ikus-entzunezko emanaldiaren aurretik. Unai Barrenetxea Ormaiztegiko mendi taldeko kideak eta astearen antolatzaileak kontatu duenez, lan handia egin zuen Morenok «herriko gazteen artean mendizaletasuna sustatzen». Haurra zela, herriko mendi taldeak igandero herriko gazteekin irteerak antolatzen zituela oroitu du, Borde tartean zela. «Kotxetan banatu eta joaten ginen inguruko mendietara, Txindoki, Murumendi, Aizkorri… ogitartekoa jan eta itzultzen ginen. Oso oroitzapen polita dut», esan du. Bordek mendia maite zuen eta «tipo jatorra» zen. Pirinioetan eta Alpeetan ibilia zen, baita Kilimanjaron (Afrika) ere.
Amaiera irteera batekin
Orain lauzpabost urte mendi astea izatetik mendi eta abentura astea izatera pasa zen, eskaintza zabaldu asmoz. Eskaintzen dituzten dokumentaletan, inguruko protagonistak izatea lehenesten dute «bertakoek egindako bertan erakusteko». Ostiralera bitartean, lau izango dira guztira. Igandean, Española mendira irteera egingo dute goizean, 9:00etan udaletxetik irtenda. Parte hartzeko kultura@ormaiztegi.eus-en izena eman behar da.