LAPKEko hiru bikote Gipuzkoako txapeldun
Ekhi Irribarriak eta Beñat Garmendiak ohorezko mailako txapelketa irabazi dute, Oier Ibarluzeak eta Aratz Olidenek nagusien mailakoa eta Aimar Igoak eta Hugo Figueroak jubenil mailakoa.
Lazkaoko Antzar Pilota Kirol Elkarteko (LAPKE) hiru bikote Gipuzkoako txapeldun atera dira atzo Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatutako partidetan.
Ohorezko mailan Ehki Irribarria eta Beñat Garmendia izan dira txapeldunak, J. Alberdi eta Aizpuru bikoteari 22-21 irabazita partida “gogor” batean. LAPKEko arduradunen esanetan, “izugarrizko txapelketa” egin dute aramarrak eta beasaindarrak, eta “merezimenduz osoz” irabazi dute txapela. Garmendiak Gipuzkoako zazpi txapelketa jokatu ditu eta bost txapela jantzi ditu.
Nagusien mailan Oier Ibarluzeak eta Aratz Olidenek Barandiaran-Erasun bikoari irabazi diete (22-18), “txapelketa eder” bat egin eta gero.
Eta jubeniletan, Aimar Igoa eta Hugo Figueroa dira txapeldun berrian, Olaiz-Etxeberria bikoari 22 eta 19 irabazita.