Mikel Morea, Ataungo mondejugile onena
San Martingo jaietan, 13. Mondeju Lehiaketa irabazi du, bigarren urtean jarraian. Zortzi lagunek aurkeztu dituzte hestebeteak.

Ataungo 13. Mondeju Lehiaketa igandean jokatu zen, San Martin auzoko plazan, herriko jaien barruan eta Jentilbaratza elkarteak antolatuta. Zortzi ataundarrek parte hartu dute, bertako hestebete tradizionala egiten jarraitzea eta produktuaren kultura iraunaraztea helburu duen lehiaketan.
Mikel Moreak irabazi du. Bigarren postuan Haritz Goñi geratu da, eta hirugarrenean Xabi Antza. Iazko lehiaketan ere Moreak lortu zuen lehenengo saria, eta bigarren urtean jarraian erdietsi du bigarren garaikurra.
Epaimahaian sukaldariak aritu ziren dastatzaile, herritar adituek lagunduta. Iker Markinez (Kaxola), Maite Garmendia (Maitte), Santos Aldasoro (Arrano), eta Inazio Garmendia eta Pili Barandiaran ataundarrak. Lehiaketara aurkeztutako mondejuen maila eta kalitatea «sekula baino handiagoa» irudi zaie. Jaki preziatu hori mantentzeko ataundarrak egiten ari diren ahalegina goraipatu dute, eta gazteak eta kaleko herritarrak ere langintza ikastera eta gordetzera animatu dituzte.
Milagros Iturriotz omendua
Mondejuaren inguruan lan egin eta berori famatzen jardun den herritar bat omentzen dute urtero, Mondeju Beltzaren Lagun izendatua. Aurten Milagros Iturriotzek jaso ditu titulu hori, «urte askotan burutu zuen lanarengatik errekonozituta». Mondeju pintxoak ere banatu dituzte.

Mikel Morea, erdian, lehenengo saria jasota.Jentilbaratza

Mondejutan sarituak, epaileak eta antolatzaileak, atzo Ataunen.Jentilbaratza