Zegamako Oiarbide harategiak irabazi du hirugarrenez Euskal Herriko txorizo egosi lehiaketa
Azpeitian egin da larunbat honetan Euskal Herriko 10. txorizo egosi lehiaketa. Gipuzkoako eta Nafarroako hemeretzi harategik hartu dute parte. Ardo dastaketa eguna ere ospatu zen 17. aldiz.

Hirugarrenez irabazi du Zegamako Oiarbide harategiak Euskal Herriko txorizo egosi lehiaketa. Azpeitian jokatu zen larunbatean, 17. Ardo dastaketa egunarekin batera. Oiarbide harategiko Patxi Arangiz Oiarbide “pozik” dago sariarekin, baina nahiz eta hirugarren urtea izan “ezustean” harrapatu duela aitortu du. “Iaz zortea izango zela pentsatzen genuen, baina ez genuen hirugarren aldiz berriz irabaztea espero”, esan du.
Txorizo egosi batek ona izateko “materia prima ona” behar du, ez dago sekretu gehiagorik. Oiarbideren kasuan, “inguruko haragia erabiltzen dugu txorizoak egiteko, Berrobikoak dira gure txerriak”, esan du.
Guztira, Gipuzkoako eta Nafarroako 19 harategik hartu zuten parte lehiaketan. Zegamako txorizoa izan zen onena 38 punturekin, Olazagutiko (Nafarroa) Pako harategiak (36 puntu) eta Zarauzko Biyona harategiak (35 puntu) jarraituta.
Oiarbide harategiak Zegaman ireki zuen lehendabiziko denda, baina Beasainen eta Zumarragan ere badituzte dendak gaur egun. Txorizoak, txistorrak eta saltxitxoiak egiten dituzte, besteren artean, Zegaman.