Ilinti jarri da dagoeneko Gabonei begira
Ihes gela bat antolatu dute larunbaterako, 'Herria piztu' leloa duen kanpaina berriari hasiera emateko. Aurten 1.000 euro zozkatuko dituzte, abenduaren 13an egingo duten festan. Bitartean, Movember kanpaina dute martxan.
Garagunearekin eta Movember Legazpi taldearekin batera biboteen kanpainan bete-betean murgilduta dagoenean, aurrera begira jarri da Ilinti merkatari elkartea eta ostiralean hasita, Gabonetako ekintzak hasiko ditu “Herria piztu” leloaz lagunduta. Black Friday edo Ostiral beltzaren astean hasiko da kanpaina berria, eta “ez da kasualitatea”, Ilintiko arduradunek adierazi dutenez.
Elkarteak jai eta erosketa giroa eman nahi dio herriari Gabonei begira, “kanpaina berriaren leloak adierazten duen bezala, merkataritza delako herria pizten duena”. Kanpainak irauten duen egunetan, elkarteko saltokietan erosketak egitean, Gabonetako zozketan parte hartzeko zenbakiak eskuratuko ditu bezeroak azaroaren 25etik abenduaren 12ra arte, hain zuzen. Abenduaren 13ko arratsaldean Laubiden egingo den Gabonetako festan egingo da zozketa, eta ateratzen den zenbakiaren jabeak 1.000 euroko saria jasoko du.
Herria piztuz leloa merkatarien elkarteak “ilusio handiz” helduko dio Gabonetako kanpaina berri honi. “Kanpaina horretan, Legazpiko merkataritza eta zerbitzuak babestu nahi ditu eti, eta gure herria bizirik mantentzeko ekarpena egin nahi du. Guztiok animatu nahi zaituztegu parte hartzera eta argi hori transmititzera, guztion artean gehiago argitzen baitu”.
Ihes gela ostiralean
Gabonetako kanpainaren inaugurazioa festa batekin egingo da Laubiden larunbat honetan, hilak 22, goizean. Ilintik Laubideko saltokiei lotutako scape room edo ihes gela bat antolatu du , eta martxan izango da 10:00etatik aurrera,, Laubideko kale nagusian. Jarduerak 20 minutuko iraupena izango du, eta 2 eta bost pertsona bitarteko taldeentzat izango da, horietako bat gutxienez adinez nagusia izanik. Gehienez hamar taldek parte hartu ahal izango dute.
Jarduera doakoa da, euskaraz, eta parte hartzeko telefono mugikorra erabili beharko da. Ihes gelan prestatutako proba denbora laburrenean osatzen duen taldeak Latxartegi zinemarako hamar sarrera irabaziko ditu.
Parte hartzeko izena eman behar da Ilintiko saltokietan, edo jardueraren karteletan,eta sare sozialetan dagoen QR-a erabiliz.
Gabonetako jaia
Ihes gelarekin hasiko du larunbatean Ilintik Gabonetako kanpaina, eta festa handi batekin amaitu abenduaren 13an, ostirala. Festa hori ere Laubiden egingo dute, 18:30ean hasita, eta DJ Xaibor lagun dela.
Xaibor disko festa girotzen ari den bitartean, txokolatea eta bizkotxoak banatuko ditu elkarteak, 19:00etatik aurrera, eta 20:00etan, dendariek dendak itxi eta gero, zozketa egingo da. Zozketa hori “El Niño” errege eguneko zozketaren antzera egingo dute, eta banan bana aterako dituzte zenbakiak, bost zifratako zenbaki sariduna osatu arte. Hamar minutu izango ditu zenbaki irabazlearen jabeak 1.000 euroko saria erreklamatzeko, eta ez badu egiten, berriz egingo dute zozketa, irabazle bat lortu arte. Ekitaldian bertan jakinaraziko da irabazlearen izena. Saria banatu eta gero, musikak emango dio amaiera festari.
Gabonetako 1.000 euroko saria ez da eskudirutan emango, eta Ilintiko saltokietan gastatzeko izango da. Horretarako, beste jarduera bat antolatuko du Ilintik, abenduaren 20rako. Egun horretan gastatu beharko du dirua irabazleak, eta Lintxorekin batera batera ibiliko da dendaz denda, 1.000 euroak gastatu arte.
Movember kanpaina
Gabonetako kanpaina hasi bitartean, Movember kanpainan dago murgilduta Ilinti. Garaguneko kideek egindako biboteak jarrita ateratzen ari dira argazkiak Ilintiko dendetan legazpiarrak egun hauetan. Hurrengo asteko ostiralean, hilak 29, izango du amaiera kanpaina honek, 12:00etan plazan egingo den ekitaldi batekin. Bertan, poltsa esklusibo batzuk zozkatuko dituzte argazkia atera duten guztien artean.