Aisialdian eurei bereziki zuzendutako ekintza gehiago aldarrikatu dituzte Zegamako gazteek
Hori da aisialdia hobetzeko proiektuaren ondorioetako bat. 16 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu dute. Autogestionatutako gune baten beharra aldarrikatu dute, besteren artean.
Zegamako Udalak herriko gazteen aisialdia hobetzeko proiektu parte hartzaile bat jarri zuen abian irailean. Prozesua Oreka aholkularitzak zuzendu du eta lehendabiziko fasea amaituta, hasierako ondorioak atera dituzte dagoeneko. Zegamako gazteek begi onez ikusten dute herriko aisialdia, baina «hutsuneak» dituela diote; adibidez, gazteei bereziki zuzendutako ekintzak faltan botatzen dituzte.
Oreka aholkularitzako Iker Arrutik azaldu duenez, lehendabiziko fase honetan Zegamako gazteen aisialdiaren «analisia eta ulermena» burutu dituzte. Bitan banatu da lehenengo lanketa hau. Batetik, inkesta bat zabaldu zitzaien irailean herriko 16 eta 30 urte arteko gazteei. «Galdetegi honen helburu nagusia gazteek Zegamako aisialdia nola ikusten duten jasotzea izan da. Zer dagoen hobetzeko, zein gauza gustatzen zaien eta baita ba ote duten konexiorik jada antolatzen diren ekintzekin ere», esan du Arrutik. Galdetegia zabaltzeko bide ezberdinak erabili dituzte. Sare sozialak bitarteko nagusi izan dira, baina Gazte Herexaren lankidetza ere garrantzitsua izan da zentzu horretan.
Ondorio «interesgarriak»
Galdetegien erantzunak aztertuta, ondorio «interesgarriak» jaso dituzte. Batetik, gazteek Zegamako aisia begi onez ikusten duten arren, «orokorregia» dela diote eta «ez dagoela bereziki gazteei zuzendutako» ekintza askorik. Orokorrean, «parrandan eta kirolean» oinarritzen dela uste dute eta horietan haratago «ez dagoela erakargarria den eskaintzarik». Bide batez, «kontzertu eta musika ekitaldi gehiagoren» beharra azpimarratu dute, besteren artean, «inguruko herrietako jendea erakartzeko baliabide egokia» ere izan daitekeelako. Gazteentzako gune bat ere aldarrikatu dute, «gune propio bat edukitzeak gazteek gazteentzako egindako ekintza gehiago izatea ahalbideratuko duelako».
Ondoren, aurrez aurreko saio ireki bat egin zuten, 10 gazteren parte hartzearekin. Ondorio nagusiak aurkeztu ostean, gazteek aisialdiaren inguruan hausnartzeko tarte bat ere izan zuten. Epe motzera begira bi ideia azpimarratu zituzten: «autogestionatutako gaztegune baten beharra eta gazteentzako irteera ezberdinak antolatzearena, euren arteko harremanak sustatzeko».
Ateratako ondorioak eta martxan jarri beharreko proiektuak jasotzen dituen txostena udalari aurkeztuta amaitutzat eman dute lehenengo fasea. Etorkizunean jarraipenik izango duen, ikusteko dago orain.