Porrotx eta Mari Mototsek ez dute hutsik egin Ordizian
“Ostirala iritsi da!” ikuskizun berria taularatu dute Majori kiroldegian egindako aurtengo bi emanaldietan. Urruñako ikastolaren eta Ziburuko Kolegioaren aldeko ekitaldia da.
Urteroko tradizioei eutsiz, beste behin ere, Porrotx eta Mari Motots Ordizian izan dira gaur, urtero bezala etxeko txikienei egin duten azken lana aurkezteko. Bi emanaldi egin dituzte Katxiporreta Kooperatibako pailazoek Majori kiroldegian, Pupu eta Lore bikiez lagunduta, eta “Ostirala iritsi da!” ikuskizun berria taularatu dute, azken “abentura berria”. 2023ko azaroan argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta saio hau.
Txapasi agurra
Ikuskizun berri honen protagonista den Txapas ere ondoan izan dute. Katxiporretako kideek azaldu dutenez, Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da. Egun irakasle jubilatua den arren, bere bizitzan hamaika abesti sortuak ditu, eta “astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari”. Lan honek, finean, Txapasi eta berak bezala egunerokoan haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei aitortza egin nahi dio. Txapasen abestien artean Ostirala iritsi da! da ezagunena.
Elkartasunezko jaialdia
Goierri beheko hiru ikastolak –Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi–, Hazia elkartea, Ziburuko Kolegioa eta Urruñako ikastolak antolatutako elkartasunezko jaialdia izaten da hau.