Herentzia eta testamentuei buruzko hiru hitzaldi antolatu dituzte Urretxun
Urretxuko Udalak, +65 Foroaren bitartez, herentzia eta testamentuei buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu. Guztiak kultur etxean izango dira, 17:00etan, Lehenengoa ostegun honetan izango da. Olaia Arana Alvarezek Zure ondarea planifikatzeko jakin behar duzuna hitzaldia egingo du. Arana gizarte langilea da eta zaintzen arloan 23 urtetik gorako esperientzia du. Bere espezialitatea 65 urte baino gehiago dituzten eta egoera hauskor eta zaurgarrian dauden pertsonen eta euren senideen arreta da. 2013tik Gipuzkoako Gizartean Esku-Hartzeko Etika Batzordeko (GEHEB) kidea da eta 2019tik Euskadiko Etika Batzordeak Koordinatzeko Batzorde Soziosanitariokoa.
Bigarren hitzaldia, Herentziak praktikan: izapideak, gatazkak eta gai fiskalak, maiatzaren 22an izango da eta hirugarrena, Plangintza integrala: testamentuaren alternatibak eta funtsezko lege-tresnak, ekainaren 19an.
+65 Foroa 65 urtetik gorako pertsonen ordezkaritza organoa da eta haien ongizatea lortzeko politika eta jardueren plangintza, exekuzioa eta jarraipena ditu helburu. Sentitzen diren iritzi, behar eta hausnarketak mahai gainean jartzeko espazioa da foroa: zure herrian nola zahartu nahi duzun hausnartu, eztabaidatu eta erabakitzeko aukera bat da.













