Legazpiko Udala, frankismoaren krimenen biktimekin
Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute Argentinako Kereila deitzen den auziarekin. Baketik Fundazioak jasoko ditu Legazpiko biktimen testigantzak. Bihar hasita, ekainaren 21era arte eman daiteke izena udaletxean.

Legazpiko Udalak Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformarekin bat egiten duela adierazteko agerraldi publikoa egin dute gaur eguerdian udaletxean Eric Galvez alkateak eta udaleko alderdi politikoko ordezkariek. Ondoan, plataformako Josu Ibargutxi bozeramalea eta Baketik Fundazioko Aintzane Gamiz izan dituzte.
Agerraldia «ekintza kolektibo eta konpontzaile baten abiapuntua» dela adierazi dute, eta aurrerantzean, udalak, herritarrek, elkarteek eta biktimek batera lan egingo dutela iragarri dute, «oroimen historikoa berreskuratzeko eta zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko».
Egia, justizia eta erreparazioa
Legazpiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez joan den urteko abenduaren 12an adostutako ekimena da hau, eta «1936 eta 1978 bitartean, hau da, Gerraren hasieratik lehen hauteskunde demokratikoetaraino giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonentzat egia, justizia eta erreparazioa bermatzea» du helburu, legazpiarrena, hain zuzen ere.
Argentinako Kereila izenez ezagutzen den auziaren testuinguruan kokatzen da, frankismoan egindako giza eskubideen urraketen aurkako munduko auzi penal bakarrean, alegia. Gainera, bat dator Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen printzipioekin. Horren arabera, krimen horiek ez dira preskribatzen eta ez dago legerik ez praktikarik horien ikerketa ukatu dezaketenik.
Egin nahi duten lanaren barruan, biktimen testigantzak jasotzea eta laguntza eskaintzea aurreikusten dute, baita Espainiako auzitegietan kereilak eta salaketak jartzea ere.
Argentinako Kereila
Argentinako Kereila 2010ean ireki zen Buenos Airesko Zigor Arloko Auzitegi Nazionalean, eta gaur arte frankismoan egindako giza eskubideen urraketen aurkako munduko auzi penal bakarra da.
Kereila hori babesten duen Euskal Plataformako Ibargutxik azaldu duenez, «Espainiako Estatuan 1977ko Amnistiaren Legea dela eta, prozedura judizialak ezin abiarazita, biktima askorentzat justiziarako ate bakarra bihurtu da Argentinako bidea». Hala ere, Espainiako justiziak ere urraketa horiek ikertzeko erantzukizuna baduela sinistuta, Estatuko epaitegietara ere jo zuen Plataformak 2016an. Legazpiko Udalak «eta Euskal Herriko beste udal batzuek kereilarekin bat egiteak bultzada handia eman dio, pauso garrantzitsua da».
Argentinara jo behar izana ere arrazoitu du: «Espainiako justiziak ez du ezer egin nahi, eta Argentinara jo behar izan dugu, nazioarteko jurisdikzioa jabetu dadin zer gertatzen den estatu honetan 1977ko Amnistiaren Legearen ondorioz, zeinak zigorrik gabe utzi zituen Franco garaiko krimenak».
Testigantzen bila
Bakearen, memoriaren eta giza eskubideen alorretan esperientzia zabala duen Baketik Fundazioa arduratuko da biktimen arreta, testigantzen bilketa eta informazioaren tratamendu teknikoa koordinatzeaz. Prozesu hori udalarekin, Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformarekin eta Estatu espainiarreko eta Argentinako abokatuekin elkarlanean gauzatuko da. Horretarako diru laguntza eskatu dio udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Gaur bertan, ekainaren 21era arteko epea irekiko dute udalean, herritarrek informazio eskatzeko eta parte hartzeko interesa adierazteko. Udaletxera joanda, 943 73 90 30 telefono zenbakira deituta edo legazpi@legazpi.eus helbide elektronikora mezua bidalitako egin daiteke hori.
Ondoren, udaleko eta Baketik Fundazioko ordezkariek osatutako lantaldea harremanetan jarriko da eskaera egindako herritarrekin, prozesua azaltzeko eta zalantzak argitzeko.
Uztailaren hasieran testigantzen jasotze pertsonalizatua hasiko dute, «beti ere konfiantza giroan eta modu pertsonalizatuan». Hain zuzen, biktimen arretarako espazio berezi bat egokituko dute Legazpin bertan, elkarrizketak antolatzeko eta dokumentazioaren bilketa koordinatzeko.
Atzo azaldu zutenez, parte hartuko duten pertsonen kopuru zehatzik ez dute oraindik, baina 25 herritar inguru identifikatuta dituztela aurreratu zuten.