EH Bilduk iragarri du "jarraipen zorrotza" egingo diola GO-07 autobus lineari
Linea horren inguruan Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletan aurkeztutako mozioa gogoratu du, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposatutako ebazpenak aurrera egin duela nabarmendu du.

EH Bilduk iragarri duenez, “jarraipen zorrotza” egingo dio GO-07 lineari udazkenetik aurrera, “Legazpira ere zerbitzu hori iritsi dadin”. Linea berri hori Legazpitik abiatzeko eskatuz Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udaletan aurkeztutako mozioaz ere hitz egin du, gogoratuz Legazpin eta Urretxun EAJ eta PSE-EEk kontra bozkatu zutela, eta Zumarragan ez zela eztabaidatu EAJk eta PSE-EEk urgentziaren aurka bozkatu zutelako. “Hala ere”, nabarmendu du, “Gipuzkoako Batzar Nagusietan proposatutako ebazpenak aurrera egin du, EAJ eta PSE-EEren kontra bozkatu duten arren”.
EH Bildurentzat “aurrerapauso bat” izan da GO-07 lineako bi autobus Legazpitik abiatzea eta beste bi Legazpira iristea. “Horrek erakusten digu posible dela Lurraldebusen linea hau Legazpin hasi eta bukatzea”. Hala ere, “ezin dugu esan Legazpik zerbitzu berri bat duenik”, kontuan izan behar delako linea horretako autobusak “Legazpin gordetzen direla, eta horregatik goizeko lehenengo biak eta arratsaldeko azken biak dira Legazpin zerbitzua ematen dutenak”, 06:05ean eta 07:05ean, eta 22:15ean eta 23:15ean. Gainontzeko orduetan legazpiarrek transbordoa egin behar dute.
Autobus aldaketa hori egin ahal izatea ez dagoela bermatuta dio EH Bilduk, nahiz eta ordutegiak doitu direla esan duen Aldundiak, autobusak “sarri atzerapenarekin” iristen direlako. “Itzulerako autobusen kasuan, inondik inora ez dago bermatuta ontzi aldaketa denbora onargarrietan egitea”.
“Ulergaitza” da “Aldundiak autobus linea hau Zumarragatik abiatzeko hartu duen erabakia”, eta “are ulergaitzagoa eskualde honetan EAJ eta PSEk mozioaren aurka bozkatzea”. Baina “zorionez, EH Bilduren ekimenez Batzar Nagusietaeko ekainaren 5eko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Batzordean GO07 linea Legazpitik abiatzeko ebazpen bat onartu zen”.
Ebazpen horretan hiru eskaera jasotzen direla azaldu du EH Bilduk: “Lehenengoa, Urola Garaia eta Goierri, Eskuzaitzetako industrialdearekin, Errekalden Euskotreneko lineekin, Galarretarekin, Miramongo Parke Teknologikoarekin eta Donostiako ospitale-gunearekin modu nodal edo zuzenean lotuko dituen Legazpi-Donostia linea berria sortzea. Bigarrena, zerbitzu berri horren eta martxan dagoenaren kalitate estandarrak maila gorenekoak izateko, Aldundiak zerbitzuak indartzea, maiztasunak handituz eta autobus gehigarriak erabiliz. Hirugarrena, beharrezko aldaketak egin ditzala, gehienez ere hilabete bateko epean, GO-07 linea berriaren hasiera Legazpi izan dadin”.
Amaitzeko, EH Bilduren ustez “argi geratu da, GO-07 linea ez dela modu egokian planifikatu, Aldundiak aldaketak egiteko borondatea adierazi du eta hori bera eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Eskualdeko EH Bilduko kideok gaiari jarraipena egingo diogu, espero dezagun udazkenean Legazpik zerbitzu berri bat izatea eta GO-07 lineako autobusak Legazpitik abiatu eta Legazpin bukatzea”.