Irlanda ‘Kolorez’ alaitzen duen urretxuarra
Elene Agirrezabal (Urretxu, 1999) Irlandan bizi da eta, optika batean lan egiteaz gain, alaitasuna transmititzen duten diseinu koloretsuak egiten ditu.
Elene Agirrezabal Iriondo gazte urretxuarrak Irlandako Cork hirian lan egiten du, optika batean. Horretaz gain, poltsak, kamisetak… diseinatzen ditu, Kolorez markarekin. Agirrezabalek Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasi zituen eta Corken digitaleko graduondoko bat egin zuen. «Duela hiru urte etorri nintzen Irlandara, esperientzia berri bat bizitzeko eta ingelesa ikasteko. Urtebete gelditzeko asmoarekin etorri nintzen eta dagoeneko hirugarren urtea dut hemen», azaldu du.
Gustura dago Irlandan. «Urtebete berehala pasatzen da. Hemen etxebizitza aurkitzea zaila da eta lana eta gustuko etxea aurkitu nituenean, lanaren ondoan dago gainera, gelditzea erabaki nuen. Atzo etorri nintzela iruditzen zait, baina hiru urte daramatzat».
Cork gustatzen zaio. «Ez nuen Dublin bezalako hiri handi bat nahi. Natura gertu duen toki bat nahi nuen, Corken lana eskaini zidaten eta etortzea erabaki nuen. Bi haurreskolatan lan egin dut eta egun optika batean lan egiten dut. Neguak luzeak egiten dira: egunak motzak dira, toki euritsua da eta dendak goiz ixten dituzte. Hala ere, Corkek xarma du. Ni bezala etortzen diren asko, gelditu egiten dira. Zerbait badu, beraz. Hiri txiki bat da. Herri baten modukoa. Elkar ezagutzen dugu eta gertutasun hori aberasgarria da».
Korrika egiteko talde bateko kidea da. «Hemen aisialdian pubetara joateko ohitura dute. Norberak bere estilora egokitzen den zerbait bilatu beharra du eta ni korrika egitera joaten naiz bertako jendea ezagutzeko. Korrika egiteko taldeak doakoak dira eta oso egokiak dira jendea ezagutzeko, ingelesez hitz egiteko eta denbora pasatzeko».
Emozioak sortzea helburu
Optika batean lan egin eta korrika egiteaz gain, diseinuak egiten ditu. «Poltsak, jertseak, kamisetak, agendak, koadernoak… diseinatzen ditut. Webgunea prestatzen ari naiz eta Instagram da nire lanak erakusteko eta saltzeko gehien erabiltzen dudan sare soziala. Nire estiloa dudala esango nuke. Nire lanetan nireak direla nabaritzen da. Lan pertsonalizatuak ere egiten ditut. Lan pertsonalizatu bat oso opari berezia da. Emozioa sortzen du. Emozio hori sortzea asko gustatzen zait».
Oso gustura dabil horrekin ere. «Umetatik gustatzen zait marraztea. Egun osoa marrazten ematen nuen. Irakasleak marrazki eskoletara eramatea proposatu zien nire gurasoei. Baiezkoa eman nuen, noski. Zumarragako arte eskolan eman nuen izena. Pandemia garaian hasi nintzen nire diseinuak egiten. Nire lanak Instagramen erakusteaz gain, artisau azoketan parte hartu dut. Zumarragako Made in Urola azokan, adibidez, nire anaiarekin parte hartu nuen. Nire anaiak pilotak egiten ditu. Corkeko Marina Market azokan ere parte hartu dut. Azoka horretarako, Corkekin eta Irlandarekin lotutako ilustrazioak egin nituen».

Ezkontza baterako eskatutako lana.

Corkeko Marina Market azokan.

Elene (erdian) eta bi lagun, Corkeko poltsa eta kamisetekin.

Corkeko poltsa.

Corkeko kamiseta.

Kolorez markaren logoa.

Cork English College-entzant egindako diseinua.

Urtero kolore ezberdinetako agendak egiten ditu.

Nuria Ramos idazlearentzat egindako irudia.

Alex Aranbururen irudi bat.

Zumarragako Made in Urola azokan.