Lazkaoko Erlo tabernaren mendeurrena ospatuko dute
Bihar omenaldia egingo diete jabe ohiei, eta larunbatean festa dute.

Lazkaoko Iñaki Txurdo eta Joxe Antonio Palisto Insausti Eizagirre anaien familiako negozioak ehun urte beteko ditu. 1925ean zabaldu zituen ateak, haien aitona Joxe Antonio Insaustiren gidaritzapean. Iaz, ordea, erretiroa hartu zuen Iñaki Insaustik, 2003az geroztik tabernaren jabea izan denak, eta Fabian Socaci lazkaotar gazteak hartu du haren lekukoa. 26 urterekin da tabernaren nagusia. Azken honen ideia izan zen, gainera, mendeurrena ospatzea, eta horretarako, egitarau zabala antolatu dute astebururako.
Omenaldia bihar, etzi festa
Bihar arratsaldean omenaldia egingo diete Insaustitar anaiei, tabernan bertan, urte luzetan tabernaren gidaritza eduki izanagatik. Hala, larunbateko ospakizuna eguerdi aldean hasiko da, trikipoteo batez. Socacik azaldu du taberna aurreko errepidea mozteko baimena eman diela udalak: «Errepidea itxi eta oholtza txiki bat jarriko dugu taberna kanpoan, ekitaldiak bertan egin ditzagun». Paella-jana ere egingo dute, eta bertaratzen direnek Txotxa izango dute eskuragai, nahi beste sagardo edan dezaten. 12 euroko kostua izango du.
15:30etik 16:00etara bitarte, arratsaldean jokatuko den mus txapelketarako inskripzioa zabalduko dute, eta ondoren txapelketarekin hasi. Irabazleak 1.000 euro lortuko ditu. Bukatutakoan, musikaz gozatzeko aukera izango da: euskal kantek zein rock eta blues doinuek girotuko dute arratsaldea eta festaz gozatzen jarraitzeko, gauean, 1980. eta 1990. hamarkadako musika jarriko duen Dja izango da. Herritar guztiei bertaratzeko gonbidapena egin diete tabernariek.