Mugikortasunaren erronkez jardungo dute udako ikastaroan
EHUko Uda ikastaroak eta ZerainLabek antolatu dute. Ostiral honetan izango da ikastaroa Zeraingo elizan. Herri txikien etorkizunaz hausnartzea da udako ikastaroaren helburua.
Zerain eta Segura arteko errepidean probatu nahi dute Landago proiektuko ibilgailu autonomoa.Josune Zarandona Etorkizunen herri txikietan errealitate bihur daitezkeen mugikortasun mota berrien aukerak eta erronkak aztertuko dituzte aurten, Zerainen egingo duten Udako ikastaroaren baitan. EHUren Uda Ikastaroak eta ZerainLab Fundazioak elkarlanean antolatu dute beste behin, Herri txikiak aurrera begira sagako edizio berri hau. Ostiral honetan izango da eta izena emateko epea irekita dago.
Urteroko egitarauari jarraituz, hainbat adituk parte hartuko dute ikastaroan. Mugikortasun berriaren aukerak eta erronkak izenburupean, Zerain bezalako herri txikien etorkizunari buruz hausnartuko dute mugikortasuna ardatz hartuta. «Aldaketa klimatikoaren, trantsizio energetikoaren eta trantsizio ekosozialaren garaian, mugikortasuna da aldaketa sakonean dagoen arloetako bat», adierazi dute. Horren haritik «auto elektrikoa, garraio publikoaren birkonfigurazioa edo gidaririk gabeko ibilgailuak» jarri dituzte adibidetzat eta aldaketa horiek herri txikietan nola eragingo duten galdegin. Herri txikietan bizi direnak «ibilgailuaren menpeko» dira egunerokoan eta hortaz, «garrantzitsutzat» jo dute mugikortasunaren erronkek eta aukerek etorkizuneko «herri txiki bizigarrietan» izan ditzakete eraginei buruz hausnartzea.
‘Landago’-ren aurkezpena
Antolatzaileek diotenez, herri txikietako bizi kalitatea, hein handi batean, lotuta dago bertako biztanleek mugitzeko dituzten aukerekin, horregatik «garrantzitsua» da aukerak «ondo» aprobetxatzea, «bai etorkizunean ere herrietan bizitzeko baldintzak sortzeko; baita, komunitatearen garapenerako mugikortasuna diseinatzeko» ere.
Horren haritik, hainbat diziplinatatik —teknologia, landa garapena, soziologia…— egindako hausnarketak eta Euskal Herriko hainbat lekutako esperientziak uztartuko dituzte ostiraleko ikastaroan.
9:30ean emango diote hasiera ikastaroari Deustuko unibertsitateko Ion Muñoa eta Mondragon unibertsitateko Andoni Eizagirre zuzendariek. Josep Maria Esquirol Bartzelonako unibertsitateko Filosofiako katedradunak El lugar, las cosas y el tu hitzaldiarekin irekiko du ondoren (9:30) ponentzien txanda. Guillen Txintxurreta arkitekto hirigileak jarraituko dio Landa guneak kontestu metropolitarrean. Hirigintzatik mugikortasunera hizketaldiarekin. Atsedenaldiaren ondoren, Gipuzkoako herri txikietan kotxe autonomoa ezartzea helburu duen Landago proiektua aurkeztuko dute Aitziber Larumbe proiektuaren sustatzaileak, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak eta ZerainLabeko Andoni Alustizak. Solasaldi irekia izango da amaieran entzuleekin eta saio itxi ondoren, bazkaria izango da parte hartzaileentzat.
Izen ematea zabalik
Interesatuek Uda Ikastaroen web gunean sartuta eman beharko dute izena, G31-25 kodea duen ikastaroa aukeratuta. Zeraindarrek labzerain@gmail.com-era idatzita edo 635 724 038 zenbakira deituta eman dezakete izena. Ikastaroa Zeraingo elizan eskainiko da euskaraz, eta 15 euroko prezioa eta 10 orduko balio akademikoa ditu —zeraindarrek ez dute ezer ordaindu beharko—. Amaitzeko bazkaria izango da hizlari eta parte hartzaileentzat. Bazkarira joan nahi duenak izena ematerako orduan jakinarazi beharko du. Txartelak 15 eurotan jarri dituzte salgai.












