Zabor guneen erabilera hobetzeko neurriak hartuko ditu Ormaiztegiko Udalak
Arazorik handiena birziklatze falta eta hondakinak edukiontzietatik kanpo jartzea dira. Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean hainbat neurri jarri ditu martxan udalak.
Zabor ontziak Ormaiztegin. Sasieta Mankomunitatea Hondakinak dagozkien edukiontzietatik kanpora jartzea eta birziklatze falta arazo bihurtu dira azkenaldian Ormaiztegin. Hori dela eta, Ormaiztegiko Udalak eta Sasieta Mankomunitateak herriko zabor guneen erabilera hobetzeko neurriak hartuko dituztela iragarri dute.
Sasieta Mankomunitateak denbora darama birziklapenari eta Ormaiztegiko bizilagunei kalte egiten dieten hondakinen ordenantzaren aurkako arau-hausteak zuzentzeko lanean. Herritar askok kezka ere agertu dute udaletxean, gaiaren inguruan.
Hiru arazo nagusi
Ormaiztegiko Udalak jakinarazi duenez, hiru dira atzeman dituzten arazo nagusienak. Batetik, “asko” hazi da edukiontzietatik kanpo zabor-poltsak botatzen dituzten pertsonen kopurua. “Poltsa horiek, oro har, mota guztietako hondakinak izaten dituzte nahastuta, birziklatu ezin daitezkeenak. Ondorioz, zikinkeria pilatzen da puntuetan, eta azkenean zaborra puskatzen eta zabaltzen duten animaliak erakartzen ditu”, adierazi dute udaletxetik.
Bestetik, asko hazi da beira, organikoa, papera edo pixoihalak nahastuta birziklatzeko edukiontzietan sartzen dituzten erabiltzaileen kopurua, “batez ere enbaseetarako edukiontzi horian”. Eta amaitzeko, ez da errespetatzen tamaina handiko trasteak —altzariak, koltxoiak…— ateratzeko egutegia: “Askotan, Garbigunera eraman beharko liratekeen baimendu gabeko hondakinak ateratzen dira: obra-hondakinak, pintura-poteak, objektu ebakitzaileak…”, zerrendatu dute udaletxetik.
Zumalakarregi eta Monseñor Irizar, gaztakatsuenak
Zumalakarregi kaleko eta Monseñor Irizarren bidegurutzeko puntuetan arazoak objektiboki handiagoak dira, baina Sasieta Mankomunitateak komunikazio eta zaintza kanpainak udalerriko toki guztietara zabaldu ditu: “Edukiontzietan eta atarietan informazio kartelak jarri ditu, etxeko hondakinak nola bereizi behar diren azaltzen duten informazio orriak postontzietan banatu ditu, txartela erabiltzen ez duten etxebizitza guztietara gutunak bidali ditu eta, gainera, bisita pertsonalizatuak egiten ari da, gutun hori jaso arren, jaramonik egin ez duten etxebizitzetara”.
Jada lanean daude eta hainbat neurri indarrean jarri badituzte ere hainbat isun izapidetu behar izan dituzte, — 14 urtarrilean soilik—, “gehienak zaborra birziklatzeko edukiontzietan botatzeagatik”. Ormaiztegiko Udalak aurreratu duenez, laster ordenantza berri bat sartuko da indarrean, isunen zenbatekoa “nabarmen” handitu duena.
Gainera, udalak kamerak jarri ditu bilketa gune gatazkatsuenak kontrolatzeko. Horri esker, arau hausteen detekzioa arindu ahal izango da, eta hartu beharreko neurriak pertsonalizatu ahal izango dira.
Edukiontzi gehiago
Neurri honekin batera, Sasieta Mankomunitateak eta udalak aldaketa batzuk egingo dituzte Monseñor Irizarreko puntua hobetzeko, bertan egoera “jasanezina” dela iritzita. Udaletxe ondoan edukiontzi puntu berri bat sortuko da, eta Gabirialde kaleko edukiontzi puntua metro batzuk beherago lekualdatuko da, Euskadiko Kutxaren parean, “Monseñor Irizarreko puntuan dagoen erabiltzaile kopurua arintzeko”. Beste leku batzuetan ere, edukiontzi gehiago jarriko dira.
Udalak bizilagunei gogorarazi die ordaintzen den zabor tasa herrian birziklatzen den zabor bolumenari “oso lotuta dagoela”. Ondorioz, orduan eta gutxiago birziklatu, zerbitzuagatik ordaintzen dena nabarmen handitzen dela; birziklatzeko arrazoi nagusiena ingurumena zaintzea dela ahaztu gabe.
Amaitzeko, hondakinak behar bezala kudeatzeko moduari buruz zalantzak dituzten herritarrei udaletxera edo Sasieta Mankomunitatera gerturatzeko gonbita luzatu diete, “bertan, xehetasunez informatuko zaie eta beharrezko baliabideak emango zaizkie”, adierazi dute.













