Aurrekontu akordioa sinatu dute EH Bilduk eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosek
Adostutako neurri eta jarduera guztien berri eman dute. Hiru hilean behin biltzeko konpromisoa hartu dute, ezarritako jarduerak betetzen direla ziurtatzeko.
Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko ordezkariak. Ordiziako Udala Helburua da bi udal talde hauen negoziazio prozesuaren ondorioz, 2026ko udal aurrekontuan txertatutako neurriak jasotzea, eta plangintza, exekuzio eta jarraipen esparru bat ezartzea, hartutako konpromisoak betetzen direla bermatzeko.
Hauek dira biek ala biek adostu dituzten neurriak eta horiek gauzatzeko epeak:
- Amiantoa kentzea: 350.000 euroko partida bat esleituko da, mailegu bidez finantziatua, frontoiaren estalkia berritzeko. Jardukera Foru Aldundiaren baimen egokien mende egongo da, eraikina babesteko araubidea kontuan hartuta. Uztailean lizitatuko da.
- Haurren aldagailuak komun publikoetan: Auzoetako komun publikoak hobetzeko 30.000 euroko partidaren kargura gauzatuko da. Uztaila baino lehen instalatzea da asmoa.
- Joseba Rezola pasealekuko argiteria birdiseinatu eta berritzea: Urteko partidaren kargura egingo da, 100.000 euro. Lizitazioa ekainerako aurreikusten da.
- Mahai jokoak eta gimnasiako elementuak parkeetan: 80.000 euroko diru partida erabiliko da horretarako, eta beharrezkoa balitz, kreditu-gehikuntza aztertzeko aukera legokeela azaldu dute. Uztailean lizitazioa egingo da, momentuan berritzen ari diren parkeetarako.
- Kabinetetako argiteria. Mantentze lan arrunteko partidaren kargura egitea aurreikusten da, 21.000 eurotik 25.000 eurora igoaz. Udal baliabideekin gauzatuko da, iraila baino lehen.
- Igogailuen proiektuak: Irisgarritasun planean dauden bi exekuzio proiektu egingo dira. Bata, Gipuzkoa kaleko 3. zenbakiaren parean, Montañitara igotzeko, eta San Inazio auzoari ere zerbitzua emateko. Eta, bestea, Bazterretxe plazako aparkalekutik Zuhaizti edo Arboledara igotzen dena. Hori egiteko, 36.300 euroko diru partida gehitzea erabaki dute bi udal taldeek, eta 2026ko lehen seihilekoan gauzatzea aurreikusten da.
- Bizikidetzarako, gizarte-kohesiorako eta aniztasuna kudeatzeko plana: 18.150 euroko diru partida gehituko dute, Hiri Hezitzailearen partida 6.000 eurotik 24.350 eurora igota. Aurrekontua onartu eta hurrengo hiru hilabeteetan isten saiatuko diren planen artean dago.
- Zeinu-mintzairaren interprete zerbitzua: Itzulpenen eta irisgarritasun unibertsalaren partida 28.000 eurotik 46.150 eurora igotzea erabaki dute. Gainera, eskariaren araberako eskaera-sistema bat gaituko dute udalaren web eta app bidez. Gobernu taldea harremanetan dago dagoeneko, eta aurrekontua onartu eta hilabeteko epean kontratazioa formalizatzea aurreikusten dute.
- Psikologiako laguntzak: 43.000 euroko partida emango da. Lehen seihilekoan kudeaketa prozedura zehaztuko da.
- Elektrizitate saila: 18.150 euroko diru partida bat esleituko da. Aurrekontua onartu eta datozen bi hilabeteetan formalizatzea aurreikusten dute.
- Visar Premium estudioa: 14.900 euroko azterlan osoa bideratuko da, plan estrategikoa, udal inbentarioarekin integratzea eta adierazleak kontratatzeko. Aurrekontua onartu eta bi hilabetera, beste hau ere.
- Aldi baterako kontratazioa, Alpes laguntzen bidez, elkarrekin gastuak justifikatzeko (zuriketak): Aldi baterako pertsonala. Lanbide. Enplegu sustapena partidatik egiten diren kontratazioetan, kontuan hartuko dira elkarteen diru-laguntzen zuriketak egiteko herriko elkarteei aholkua eta laguntza emateko administrazio funtzioak, abendua eta urtarrila artean emateko. Denbora horretan ezin bada kontratazioa egin, zerbitzua Administrazio Orokorreko Zerbitzu Kontratak partidatik kontratatuko da.
- Apustu-etxea isteari buruzko txosten juridikoa eskatzea: Txosten juridikoa Kanpo Aholkularitza Zerbitzuak partidatik eskatuko dute. Hilabete bateko epea aurreikusi dute horretarako.
- Buztuntzako lineako autobusaren geltokia Aldundiari eskatzea: Betiere Aldundiak onartzen badu, Buztuntzan geltoki berria jartzea adostu dute. Geltoki berri hori egokitzeko konpromisoa Obra txikiak. Obra brigada partidatik aurreikusten da.
Ondorengo jarduerak barne-baliabideekin egitea adostu dute, eta, gastuak sortzen badituzte, dauden partida orokorren kontura:
- Animalien ongizateari buruzko ordenantza onartzea: Ingurumenaren arduraduna lanean da dagoeneko. Ordenantza horrek partida bat ekar dezakeela aurreikusten dute, abian jartzeko eskakizunak betetzeko. 2026ko ekitaldia hartuko dute horretarako.
- Gertakari xenofobo eta arrazisten aurrean jarduteko protokoloa sortzea: 2026ko ekitaldia.
- Webguneko gardetasun ataria berritzea: Horrez gain, gobernu taldeak konpromisoa hartzen du hiru hilean behin aurrekontuaren betearazpena argitaratzen saiatzeko. 2026ko ekitaldia.
- Kutsadura akustikoari buruzko sentsibilizazio plana eta ondorengo ordenantza: Ekintza plana orain eskatu dutela jakinarazi dute, eta gero ordenantza bera egiteko konpromisoa hartu dute. Herritarrekin parte hartze prozesuren bat aurrera eramatea ere planteatzen da.
- Musika eskolaren lizitazioa: Musika eskolaren zerbitzua erregularizatzeko konpromisoa hartu dute bi udal taldeek. 2026An egitea aurreikusten da, baldin eta irabazi-asmorik gabeko elkarte batekin egindako hitzarmenaren bidezko formula juridikoa bideragarria bada.
- Hezkuntza-proiektuetarako laguntzen oinarrien aldaketa: Hiru hilabeteko epea hartuko dute horretarako.
- Baldosa podotaktilen berrikustea eta egokitzea: Araudiarekin bat datozen baldosa podotaktilak jarri beharreko puntu guztiak berrikusteko konpromisoa hartu dute.
- Herri Antzokia: Konpromisoa hartu dute Herri Antzokiaren kudeaketa txostena partekatu, eta hortik aurrera hartu beharreko erabakiak adosteko beharrezko pertsonalaren kontratazioaren inguruan. Era berean, konpromisoa hartu dute soberakinetatik eraberritze proiektua egiteko partida sortzeko.
- Udaleko teknikari postu berria sortzea merkataritza, azoka eta turismoa kudeatzeko: Egun udalean ez dagoen postu hori sortu nahi dute, 2026an.
Jarduera horien guztien jarraipena egiteko, hiru hilean behin bilerak egingo dituzte EH Bilduren eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosen artean, “adostutako neurrien betetze maila berrikusteko, balizko gorabeherak aztertzeko, hartutako konpromisoak behar bezala ezartzen direla bermatzeko, eta beharrezkoa balitz, plangintza egokitzeko”. Funtsezko edozein aldaketa egin behar balitz, era berean, bi alderdien artean landu beharko litzateke.













