Emantzipaziorako etxebizitzak alokatzeko laguntzak onartu ditu udalak
Laguntzek alokairuaren %20 eta %50 arteko estaldura izan dezakete, hilean 100 eta 250 euro arteko mugarekin. Gehienez hamabi hilabeterako izango dira, ohiko etxebizitzarako, eta alokairuak ezingo du hilean 800 euro baino gehiagokoa izan.
Beasaingo ikuspegi orokorra, artxiboko irudian.Loinaz Agirre Beasaingo udalbatzak hainbat neurri onartu ditu otsaileko osoko bilkuran eta gobernu batzordean. Horien artean, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei, mugikortasun murriztua duten pertsonei eta guraso bakarreko familiei zuzendutako emantzipaziorako etxebizitzak alokatzeko laguntzak onartu ditu osoko bilkuran.
Laguntzek alokairuaren %20 eta %50 arteko estaldura izan dezakete, hilean 100 eta 250 euro arteko mugarekin. Gehienez hamabi hilabeterako izango dira, ohiko etxebizitzarako, eta alokairuak ezingo du hilean 800 euro baino gehiagokoa izan. Udal gobernuaren esanetan, neurri horren bidez “gazteen emantzipazioa bultzatu nahi da, mugikortasun urriko pertsonek etxebizitza egokiak eskuratzeko aukera izan dezaten lagundu eta guraso bakarreko familiak egoera kalteberetatik babestu, aldi berean etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatuz”.
Gazteentzako bonuak 10 euroan
Gazteek tokiko merkataritzan kontsumitu dezaten sustatzeko, bonuen programa arautzen duten diru-laguntzak ere onartu dira, 40.000 euroko aurrekontuarekin. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta, 20 euroko bonuak jarriko dituzte salgai 10 euroan; beste 10 euroak udalak jarriko ditu. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu erosi ahal izango ditu. Apirilaren 13tik uztailaren 31ra bitartean erabili ahal izango dira.
Eraikin eta etxebizitzetan energia eraginkortasuna hobetzeko diru-laguntzak ere onartu dira. Besteak beste, galdara indibidualak ordezteko 400 euroko diru-laguntza izango da, edota leiho edo beirazko itxiturak berritzeko gehienez 1.200 euro, kostuaren %30 arte. Jabeen komunitateen kasuan, gastuaren %10a estaltzeko izango da, gehienez 6.000 euro.
Euskara, gidatzen eta dendatan
Euskararen erabilerari lotutako bi diru-laguntza lerro onartu ditu udalbatzak. Batetik, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten beasaindarrei matrikularen zati bat ordaintzeko laguntzak emango zaizkie, gehienez 150 euro. Bestetik, merkataritzan errotuluak eta irudi korporatiboak euskaraz jartzen dituzten establezimenduei kostuaren %50 arte ordaintzeko lagunduko zaie, eta webgunea euskaraz jartzen dutenei kostuaren %60 arte.
Lokal hutsak “aktibatzea” helburu duen diru-laguntzen beste lerro bat ere onartu da. Lokal bat alokatzen duten ekintzaileek lehen urtean alokairuaren %50 arteko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez 300 euro hilean, eta bigarren eta hirugarren urteetan %40 artekoa, gehienez 200 euro hilean. Lokal bat erosten denean, katastro balioaren %4 arteko laguntza jaso ahal izango da, gehienez 2.000 eurora arte.
Arangoitiko fatxadak birgaitzeko obren zerga hobaria onartu da, %95ekoa; berdintasunaren arloan lan egiten duten elkarteentzako 16.000 euroko lerroa; eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako autonomia sustatzeko tailerren kontratuaren luzapena onartu da.
Bake epaile berria
Bake epaile titular eta ordezko berriak izendatzeko proposamena ere onartu da. Cristina Apaolaza Gurrutxaga da bake epaile titularra, eta Xabat Irastorza Lertxundi ordezkoa.
Azken urteko proba pilotuaren “emaitza positiboak” ikusita, ibilgailu elektrikoen erabilera partekatuko zerbitzua hiru urterako lizitatzea erabaki da, urtebeteko luzapenarekin. “Hasiera batean egungo ibilgailu flotari ekonomikoagoa den hirugarren bat gehituko litzaioke, etorkizun batean laugarren bat eskaintzeko aukerarekin”.
Azkenik, Agauntza, Eztanda eta Oria ibaietan landare inbaditzaileak erauzteko, landaketa berriak egiteko eta ibaiak garbitzeko zerbitzua kontratatzeko pleguak onartu dira.













