Hainbat eragile feministak eta udalak egitarau bateratua aurkeztu dute
Etziko Asmuberen erakusketa irekiera izango da lehen ekintza. "Ahots bakar bat" osatu nahi dutela adierazi du berdintasun zinegotziak.
Izaskun Salazar, Ainhoa Arrese, Ana Asla eta Ainize Lasa, egitarau bateratua aurkezten.L. Goiburu Beasaingo Udalak eta Berdintasun Kontseiluko eragileek Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekintzen egitarau bateratua aurkeztu dute gaur arratsaldean udaletxean. Ainhoa Arrese berdintasun zinegotziak, Izaskun Salazar Wikiemakumeok egitasmoaren arduradunak, Ainize Lasa asanblada feministako kideak eta Ana Asla Asmubeko kideak parte hartu dute.
Arresek hartu du hitza aurrena. Adierazi du “udalak eta herriko emakumeen mugimenduak ahots bakar bat osatu” nahi dutela Martxoaren 8a “ez delako aldarrikapen huts bat, egindako bidearen eta egiteko dagoen bidearen isla baizik”.
Berdintasun zinegotziak udal talde guztiek aho batez onartutako Eudelen adierazpena izan du hizpide. Eudelek kezkaz ikusten du sare sozialetan eta eguneroko espazioetan berdintasunaren inguruko nahasmena sortzen saiatzen diren diskurtso misoginoak indartu izana. Ildo horretan, Beasaingo Udalak konpromisoa hartu du “narratiba horiek desaktibatzeko, indarkeria matxistaren existentzia zalantzan jartzea onartu gabe”. “Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da”.
Diskurtso misoginoen aurka Berdintasun Kontseiluaren lanaren garrantziaz mintzatu da zinegotzia. “Berdintasun politika sustatzea eta horretarako egiturak zaintzea udalaren lehentasunetako bat” dela adierazi du. “Eta emakumeek askatasunez eta duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten Beasainen”. Berdintasun Kontseilua udaleko organo aholku-emailea dela gehitu du, eta bere eginkizunen artean daudela berdintasun politikak diseinatzen laguntzea, ekintza proposamenak lantzea eta udalarekin elkarlanean hausnarketa partekatua egitea. Kontseilua irekia da herriko emakume guztientzat, adina, jatorria edo identitatea edozein dela ere, eta helburua da berdintasun politikak modu partekatuan eraikitzea.
Larunbatean Beasainen izango da Euskal Wikiemakumeen I. Topaketa. Martxoaren 8ko egitarauaren barruan kokatu dute, eta Beasainen azaroan sortutako Wikiemakumeok taldearen lanari jarraipena ematea du helburu. Izaskun Salazarrek eman ditu xehetasunak. Topaketaren helburuetako bat da Euskal Wikipedian emakume eta gizonen arteko arrakala murriztea. Beasainen mugimendu hori ezagutzera eman nahi dute, orain arte beste herri batzuetan egindako lana aitortzearekin batera.
Topaketak Durangaldea, Oarso-Bidasoaldea, Ondarroa eta Goierriko wikilariak bilduko ditu. 22 emakumek eta gizon batek eman dute izena, baina irekia da proiektua ezagutu nahi duen ororentzat. Herri edota eskualde horietako kideek haien ibilbidea azalduko dute jardunaldian, eta ondoren, Onintze eta Garazi Garrido antropologoek androzentrismoari buruzko hitzaldia eskainiko dute. Edizio saio praktiko bat ere egingo da pantaila handian: biografiak eguneratu, argazkiak gehitu eta itzulpenak egiten irakatsiko dute wikilariek. Eguna amaitzeko, Emakumeen presentzia Igartzan bisita gidatua izango da, eta taldeko bazkaria gero.
Asanblada feministako kideak eta Asmubeko kideak ere antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute, eta herritarrak ekintzetan parte hartzera animatu dituzte. Udalak Martxoaren 8ko banderolak eskuragarri jarri ditu Igunean.

Martxoaren 8ko egitarau bateratua Beasainen
- Martxoak 5: Asmuberen erakusketaren inaugurazioa Igartzan (18:00). Martxoaren 22ra arte ikusgai.
- Martxoak 6: RedNudes antzezlana Usurben (12:30), DBH3ko ikasleei zuzendua, indarkeria digitala eta adostasuna lantzeko.
- Martxoak 7: Euskal Wikiemakumeok I. Topaketa (10:00) eta emakumeen presentziari buruzko bisita gidatua Igartzan.
- Martxoak 8: Aldarrikapen eguna.
- 00:00: Kaleak eta gauak gureak dira manifestazioa Erauskin plazatik.
- 11:30: Eskualdeko manifestaziora joateko bilgunea Erauskin plazan, Ordiziara joateko.
- 15:00: Bazkari Feminista eta ondoren guatekea (bingo musikatua eta jolasak) plaza azpian.
- Martxoak 11: Confesiones en una peluquería antzezlana (18:00), estereotipoen inguruan hausnartzeko.
- Martxoak 18: Asmube abesbatzaren emanaldia (18:00).
- Martxoak 26: Segunda convocatoria antzezlana Usurben (20:30), emakumeen arazoak umorez astintzen dituena.













