Santuak jaitsi eta atontzen laguntzeko deia egin diete segurarrei
Larunbatean santuak prestatzeko herritarren laguntza eskatu du Aste Santua taldeak. Apirilaren 2an eta 3an egingo dira aurten ekintza nagusiak.
Segurarrak prozesioko santuak prestatzen artxiboko irudi batean.Hitza Seguran Aste Santuko ospakizunak antolatzeaz arduratzen den taldea lanean hasita dago jada. Apirilaren 2an eta 3an, Ostegun Santu eta Ostiral Santu egunean pilatuko dira ekintza nagusienak. Elizkizun bereziak egingo dira urtero bezala, eta tradizio luzea duten eta jada, Segurako ikur bihurtu diren prozesioak ere egingo dituzte herriko kaleetan zehar. Herritarren ahaleginari eta elkarlanari esker lortu du Aste Santuak Seguran 300 urte baino gehiagoko tradizioari eustea eta aurten ere, herritarrei dei egin diete aurretik egin beharreko lanetan laguntzera inguratzeko.
Larunbat honetarako, martxoak 7, egin dute lehenengo hitzordua. 9:00etan elizan elkartu eta santuak jaitsi eta atonduko dituzte eta 10:30ean, aingeruz jantziko direnei arropak banatuko zaizkie bertan. Martxoaren 27an, berriz, Aste Santuko ospakizunen bezperan, eliza garbitzeko ere jendea behar da, 17:00etatik aurrera.
Egun nagusiak
Apirilaren 2an eta 3an, 16:00etan elkartuko dira udaletxean prozesioetan parte hartuko duten herritarrak, Nazareno eta penitente jantzi nahi dutenak. Parrokian elkartuko dira, bestalde, meza hasi aurretik, eliza-laguntzaileak; 18:00etan, santu eramaileak eta meza ondoren, kandelak eramango dituztenak. Ostegun Santuko prozesioaren ondoren, bela egin nahi dutenak sakristian elkartuko dira zozketan parte hartzeko.
Behin Aste Santua pasata, apirilaren 25ean, larunbata, jaso eta datorren urterako dena prest uzteko egin duten azken hitzordua, 9:00etan elizan.
Tradizioari eusten
Segurako prozesioa Aste Santuari lotutako kultur adierazpen garrantzitsuenetarikoa da Gipuzkoan, Hondarribikoarekin eta Azkoitikoarekin batera. 300 urtetik gorako tradizioa du eta urtero 300 bat herritarrek hartzen dute parte bertan. Iaz, udalak Segurako Aste Santuko prozesioen azterlan, dokumentazio eta balorazio kulturalari buruzko azterlan bat ondu zuen. Azterketa lana Labrit Multimedia enpresak egin zuen eta proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru laguntza jaso zuen.













