Zumarraga-Urretxu 1 taldeak irabazi du Goierriko finala
Zumarraga-Urretxu 1, 2 eta Beasaingo Oriako Tramanak taldeak aritu dira Herriarteko Txapelketako bertso finalean.
Zumarraga-Urretxu 1, 2 eta Beasaingo Oriako Tramanak taldeak.Manex Usarralde Garmendia Lazkaoko Biziolan izan da Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketako Goierriko finala. Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandezen taldeak batu ditu puntu gehien.
Zumarraga-Urretxu 2 eta Beasaingo Oriako Tramanak ere aritu dira finalean. Oriako Tramanak taldea Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaranek osatu dute. Zumarraga-Urretxu 2, berriz, Beñat Torres, Uxue Fernandez eta Amaia Iturriotzek.
Goierriko bertso munduko jendea bildu da Lazkaon. Eguerdian, 12:30ean, bertso poteo girotua egin dute eta ondorengo bazkarian 35 lagun elkartu dira, Biziolan. Bazkalostean, Alaitz Sarasolak XVII. mendean epaitu zituzten Zaldibiako emakumeen inguruan egindako bertso-sorta kantatu dute. Herriarteko txapelketako Goierriko Finalarekin amaitu dute eguna, 50 entzule inguru elkartu direlarik.
Txapelketaren jarraipena
Zumarraga-Urretxu 1ek Tolosaldeako garailearen aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa, apirilaren 17an, Zaldibian.
Gipuzkoako Herriarteko txapelketan lehenik eskualdekako kanporaketak jokatu dira. Orain, eskualde bakoitzeko irabazleek elkarren artean jokatuko dute final aurrekorako txartela. Finalaurrekoetako bi saio ondoren erabakiko dira zein taldek kantatuko duten maiatzaren 30ean, Aiako Probalekuko finalean.













