Bola asteburua Goierrin
Goierriko bola txapelketako seigarren tiraldia jokatuko dute larunbatean Mutiloan. Gipuzkoako Kopako azken aurreko tiraldia Seguran egingo dute igandean.
Bolaria Mutiloako bolatokian, artxiboko irudian. Tere Madinabeitia Egutegiak hala aginduta txapelketa bat baino gehiago parean tokatu zaizkie Goierriko bolariei: Goierriko Bola txapelketa batetik, eta Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatutakoak, bestetik. Larunbat honetan Mutiloan jokatuko da Goierriko txapelketako seigarren tiraldia, eta igandean, Seguran, Gipuzkoako Kopako hirugarrena.
Urtarrilaren 24an hasi zuten Goierriko txapelketa Zerainen. Zortzi tiraldiz osatuko da txapelketa, —iaz Zegama txapelketara batu zenetik, zazpitik zortzira pasa ziren—; hurrengoa Idiazabalen izango da maiatzaren 9an eta finala berriz, Legazpin, maiatzaren 23an. Larunbat honetan, 10:30ean hasiko dituzte goizeko tiraldiak Mutiloako bolatokian, eta 16:30ean arratsaldekoak. Goierriko txapelketa Goierriko bolariek antolatzen dute, Zerain, Segura, Gabiria, Olaberri, Zegama, Mutiloa, Idiazabal eta Legazpiko udalen laguntzarekin.
40 goierritar bolatan
Guztira, 50 bat bolarirekin hasi zen txapelketa eta gaur gaurkoz, 40 geratzen dira, Garbiñe Alustiza zeraindarra tartean. «33 gizon, 4 emakume eta 3 gazte», ari dira, Alustizak zehaztu duenez. Gehienak goierritarrak dira, Donostiako bost bolari ere badauden arren, «igandetan federazioko tiraldiak ere badira eta oso lotua da guztietan parte hartzea», dio.
Finalerako hiru tiraldi geratzen dira, baina giro onean ari dira bolatan. Hala ere, ez da erraza lehen postuak mantentzen, «zortzi tiraldi asko dira eta momentu batean zerrendan goran zaude, baina egun txar bat izanez gero, bosgarren lekura jaisten zara eta oso txarra bada hamargarrenera igoal». Zerrendako lehen postuetan egoteko beti egin behar dira tiraldi onak, «bestela atzean geratzen zara eta buelta ematea zailagoa izaten da», esan du Alustizak.
«Lehen jende edadetuagoa zegoen bolatokietan, orain media asko jaitsi dela esango nuke».
Garbiñe Alustiza, Zeraingo bolaria.
Legazpin jokatuko den finala gerturatzen ari da eta horrek «errespetua» ematen duela dio Alustizak: «Legazpiko bolatokia nahikoa exijentea da, berezia da. Jendeak beldur, kezka edo urduritasun puntu bat badauka finalerako. Nahiz eta sailkapenean goiko postuetan egon, Legazpin edozer gauza gertatu daiteke», iragarri du Zeraingo bolariak.
Gipuzkoako finala, Altzan
Gipuzkoako Kopa federazioak antolatzen duen txapelketetako bat da; aurretik jokatu dira bikotekako txapelketa eta Lehendakari txapelketa, adibidez; eta ondoren etorriko dira Euskadiko toka txapelketa, Gipuzkoako Bola eta toka txapelketa —Olaberrian jokatuko da maiatzaren 31n— eta taldekako txapelketak udazkenean. Idiazabalen eman zioten hasiera martxoaren 15ean. Lau tiraldiz osatuta, Segurakoa hirugarrena izango da igandean. Finala, apirilaren 26an jokatuko da Altzan. Gipuzkoa osoko bolariek hartzen dute parte txapelketa honetan, 58 guztira, horietatik 11 dira emakumeak.
Bi txapelketetan bolari asko ari dira parte hartzen eta baikorra da Alustiza; «nik uste okerrago egon garela», dio. «Lehen jende edadetuagoa zegoen bolatokietan, baina orain, jada, media asko gaztetu dela esango nuke, 50-60 tarte horretan egongo da. Lehen 80 urteko jende gehiago zegoen. Kuadrillak ere hasi dira hurbiltzen gehiago. Ikusteko ez da kirol erakargarria agian, baina jokatzen hasten zarenean harra sortzen du», azpimarratu du.













