Gipuzkoako geoloeguna Ataunen ospatuko da, maiatzaren 9an
Ataungo Domoari itzulia ematen dion Olatako bira egingo dute partaideek. Aurrez eman behar da izena, plaza kopurua mugatua baita.
Ataungo Domoaren irudia, Urbainditik. Mikel Albisu Olatako ibilaldia eginez, Ataungo domoaren inguruko azalpenak jasoko dituzte Gipuzkoako Geoloegunean, maiatzaren 9an. Izen-ematea geolodiagipuzkoa@gmail.com helbide elektronikoaren bidez egin behar da, eta jarduera horrek 25 pertsonako muga izango du.
San Martingo plazatik irtengo da, 10:00etan. Egun erdiko ibilaldia izango da, eta mendian trebatutakoei zuzenduta dago. Ataungo Domoa geologiaren ikuspegitik inguruan dagoen egiturarik bitxienetakoa dela diote adituek, eta EHUko geologoen eskutik parte hartzaileek hurrengo gauza hauek ikasiko dituzte: Domoa nola eratu zen, domoa eratzen duten arroka eta fosil ezberdinak, eta arroka nola higatu eta lurzorua sortzen den. Geoloeguna 2011z geroztik herrialde guztietan ospatzen da.













