Haitiko proiektu solidario baten berri jaso du Ordiziako Udalak
Helburua kafe-sektorea indartzea eta kalitate handiko ekoizpen jasangarria sustatzea izan da.
Ordezkari guztiak gaur goizeko topaketan. Ordiziako Udala Ordiziako Udalak diruz laguntzen duen Nazioarteko Elkartasuna – Solidaridad Internacional erakundeko ordezkariak udal ordezkariekin bildu dira gaur goizean, Haitiko Thiotte eskualdean garatzen ari diren proiektuaren xehetasunak azaltzeko, eta bertan egiten ari diren lanaren zein proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko.
Ekimen honen helburua kafe-sektorea indartzea eta kalitate handiko ekoizpen jasangarria sustatzea izan dela azaldu du Ordiziako Udalak, tokiko komunitateen “garapen ekonomiko eta soziala” bultzatuta.
Topaketan, Haitiko CROSE tokiko erakundeko kide den Serneus Bertrandek, Nazioarteko Elkartasuneko ordezkari den Esther Bignollesek, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok, Ongizate zinegotzia den Ainhoa Jimenezek eta Alazne Elortza esku-hartze komunitarioko gizarte langileak parte hartu dute.













