Hilaren amaieran eratuko da CAF Taldeko Europako Enpresa Batzordea, alde guztien arteko akordiorik gabe
Ordezkaritza sindikala izendatzeko fasean sartuko dira orain. Horren harira, "CAF Taldeko Europako Batzordearen osaerak errealitateari dagokion pisua bermatzea" exijitu du LABek. Enpresari exijitu diote abian dauden negoziaketa kolektiboak bideratzeko.
CAF Taldeko enpresatako LABeko ordezkari eta delegatuak, Beasaingo lantokiaren sarrera nagusian egindako agerraldian.Laida Goiburu CAF Taldeko LABeko ordezkari eta delegatuek Beasaingo CAFeko sarrera nagusian egindako agerraldian enpresari exijitu diote abian dauden negoziaketa kolektiboak bideratzeko. Taldearen gaur egungo egoeraren balorazioa egin dute, eta jakitera eman dute apirilaren amaieran CAF Taldeko Europako Enpresa Batzordea eratuko dela, alde guztien akordiorik gabe.
Aitor Martinez Beasaingo LABeko ordezkariak eta Daniel Quintana CAF TEko delegatuak hartu dute hitza, euskaraz lehenak, gaztelaniaz bigarrenak, prozesuen, lan gatazken eta negoziaketa kolektiboen berri emateko. Bi urtez aritu dira enpresako zuzendaritzarekin eta sindikatuekin Europako Enpresa Batzordearen araudia negoziatzen, baina, ordezkarien esanetan, “zuzendaritzaren itxikeria eta CCOOren interes korporatiboak lehenesteko jarrera direla eta ez da posible izan” akordioa lortzea. “Ondorioz, apirilaren amaieran eratuko da Europako Batzordea, gutxieneko araudi legalaren arabera, eta alde guztien arteko akordiorik gabe”.
Proportzionaltasuna ordezkaritza sindikalean
Haien arabera, negoziazioaren oztopo nagusiak “Euskal Herriko langileen ordezkaritza propioa ez onartzea eta foro profesionalizatu eta baztertzaile bat sortzeko sindikatu batzuen nahia” izan dira. Ordezkaritza sindikala izendatzeko fasean sartuko dira orain. Horren harira, “CAF Taldeko Europako Batzordearen osaerak errealitateari dagokion pisua bermatzea” exijitu du LABek. “Ordezkaritzak islatu behar du Euskal Herriko plantilen benetako pisua eta hemen dagoen ordezkaritza sindikala, ordezkaritza erreala, proportzionala eta eragiteko gaitasuna izango duena”.
Alegia, Europako banaketa estatuka izango da, eta beraz, Espainiar Estatuari dagokio ordezkari kopurua egun: “Hor dago jokoa, estatu espainolean gu barne hartzen gaituzten edo ez den kontuan hartzen langile gehienak hemen daudela”. Sindikatu estatalek “ez dagokien ordezkaritza” hartzen dutela aldarrikatu dute: “2.000 langilerekin gure 5.000 langileren ordezkaritza kopuru bera hartzen dute; Euskal Herriak ez dauka errekonozimendurik”.
“2.000 langilerekin gure 5.000 langileren ordezkaritza kopuru bera hartzen dute; Euskal Herriak ez dauka errekonozimendurik”.
Aitor Martinez. Beasaingo LABeko ordezkaria
Enpresaren egoera onak “islarik ez” lan baldintzetan
CAF Taldean dauden lan gatazken eta lan baldintzak hobetzeko negoziazioen inguruan, CAFek 2025ean irabazi milioidunak izan dituen arren, “horrek langileen lan baldintzetan islarik ez” duela salatu dute. Horregatik, “lan baldintzak hobetu eta bateratzeko” eskatu dio sindikatuak zuzendaritzari. “CAF etengabe agertzen da hedabideetan kontratu milioidunen titular handiekin, baina irudi horren atzean CAF Taldeko lantoki askotako langileak ari gara gure lan baldintzak hobetzeko borrokan, askotan baldintza prekarioetan. Eta errealitate hori ez da agertzen titular horietan”.
Haien arabera, CAFeko zuzendaritzaren “itxikeria negoziazio mahaiak blokeora eramaten ari” dira, egun irekita dauden negoziazio prozesu ugarietan –”CAF SA (Beasain eta Itun), CAF TE (Euskotren eta Gasteizko tranbiaren mantentze lanak), Geminys, CAF Signalling, CAF Power…”–: “CAF erreferentziazko enpresa da, industria ikur eta motor ekonomikoa. Baina irudi hori ez da bateragarria taldeko langileen lan baldintzak enpresak berak proiektatzen duen errealitatera egokitzeko borondate faltarekin”.
CAF Taldeko enpresen arteko desberdintasunak salatu dituzte. LABen datuen arabera, CAFek 5.500 langile inguru ditu Euskal Herrian, hemezortzi enpresatan banatuta, baina “talde berekoak izan arren, lan baldintzak oso desberdinak” direla agertu dute, lan orduen adibidea jarrita: “Batzuek 1.732 lan ordu egiten dituzte urtean, eta beste batzuek 1.592”. Soldatetan, behin-behinekotasunean edota baimenetan ere desberdintasunak daudela salatu dute.
Taldeko enpresa guztietan irekita dauden negoziazio kolektiboak berriro martxan jartzea exijitu diote hala zuzendaritzari, “eta langileen eskaerei erantzun positiboa ematea”. Emaitza eta irabazi ekonomikoek gora egitean horrek langileen lan baldintzetan islarik ez izatea leporatzen diote zuzendaritzari.
CAF TEn greba mugagabean
Lebario, Gasteiz eta Sopelako CAF TEko langileei “babes eta elkartasun osoa helarazi” diete sindikatuko ordezkariek, greba mugagabean jarraitzen dutenei. Quintana CAF TEko delegatuaren arabera, “negoziaziorik ez da existitu”, eta zuzendaritzak “entzungor” egin die haien eskaerei: “Greba mugagabean daramagun hiru asteotan enpresa ez da plantilarekin harremanetan jarri”, amaitu du.














