Leharrei mendi lasterketa jokatuko da etzi, Gabirian
275 korrikalarik hartuko dute parte Gabiriako lasterketan. Bi ibilbide izango dira, 16 kilometrokoa eta 24koa. Goierri Kopa Traileko laugarren lasterketa da.
Leharrei mendi lasterketaren ibilbide motzeko lasterkarien irteera. Iñaki Gurrutxaga Bederatzigarren Leharrei mendi lasterketa jokatuko da Gabirian, larunbatean, apirilaren 18an. Bi ibilbide egongo dira lasterketaren luzeraren arabera: 16km-koa eta 24km-koa. Proba luzea 09:30ean hasiko da, eta motza, 10:00etan.
Lasterketan 275 korrikalarik hartuko dute parte, orain arteko kopururik handiena: 115ek 16km-ko proba egingo dute, eta 160ek 24km-koa. Aurreko urteetan «250 dortsal» jartzen zituztela partaideentzat adierazi du Patxi Ormazabal lasterketako antolatzailetako batek: «Dortsal kopuru hori motz gelditzen zitzaigun, eta beti azken unean dortsal gehiago jartzen bukatzen genuen». Horregatik, aurten hasieratik «gehiago» jartzea erabaki zuten.
Leharreiko lasterketan hasieran, 2016an, «24km-koa bakarrik» egin zela adierazi du Ormazabalek. Baina, ibilbide laburrago bat gehitzeak jende gehiagoren parte-hartzea ekarri du.
Lasterketa horrek jendean mendiko kiroletara animatzera bultzatu nahi duela, eta Gabiria herria ezagutzera ematea duela helburu azpimarratu du antolatzaileak: «Zegama-Aizkorri bezalako lasterketa ezagunetan Leharreiko lasterketako kamisetak ikustea polita da».
Goierri Kopa Trail
Goierri Kopa Trail Goierriko lasterketa gogorrenetako batzuk elkartuta dauden txapelketa bat da. Urtean zeharreko 11 lasterketa dira, non, sailkapen bat dagoen: Leharrei horietako bat da. Gabiriakoa aurtengo Goierri Kopa Traileko laugarren lasterketa izango da. Beasaingo Garin Mendi Lasterketa, Ordiziako Mendi Lasterketa eta Urretxu-Zumarragako UZ Trail jokatu dira orain arte.

Aitor Garmendiaren hitzaldia gaur, eta eskalada txapelketa bihar
Leharrei mendi lasterketa dela eta, beste bi ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Sahararen auzia ezagutaraztera emateko basamortuan egiten den maratoiaren inguruko hitzaldia egongo da, gaur, apirilaren 16an. Bihar, berriz, kaleko eskalada txapelketa izango da 18:00etan.
Saharako maratoiaren inguruko hitzaldia Aitor Garmendiak egingo du, Gabiriako Osinalde elkartean, 19:00etan. Garmendiak pasa den otsailean maratoi honetan parte hartu eta irabazi egin zuen. Maratoi hori elkartasun ekimen bat da Saharako gazteen artean kirola sustatzeko, eta laguntza humanitarioko proiektuak finantzatzeko dirua lortzeko egiten da.
Kaleko eskalada txapelketa ostiralean egingo dute. Lehiaketan parte hartzeko izen-emateak Gabiriako plazan egingo dira egunean bertan, 17:30etik aurrera. Haurrentzako egokitutako eskalada ere egongo da. Eskalada sustatzeko asmoz antolatzen dute txapelketa. Ondoren, sari banaketa, zozketak eta ostatuan pintxopotea egongo da.













