Modu berezian ospatuko dute legorretarrek Liburuaren Eguna
Liburuen zozketaz gain, ipuin kontaketa antolatu dute.
Legorretako Udal Liburutegiak modu berezian ospatu zuen hilaren hasieran joan zen Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna, liburutegitik pasatu ziren 0 eta 4 urte bitarteko haurrek liburu bana jasotzeko aukera izan baitzuten opari gisa. Bada, datorren apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ere, ekintza eta jarduera gehiagorekin dator Legorretako Udal Liburutegia.
Egun hori aitzakiatzat hartuta, bi aste hauetan zehar eta egunean bertan zenbait ekintza egingo dituzte, irakurzaletasuna zein kultura bultzatzeko eta adin tarte guztietako herritarrak irakurketara erakartzeko asmoz. Gaurtik apirilaren 23ra bitartean, bederatzi egunez, liburuak maileguan hartzen dituzten herritarrek liburuak doan jasotzeko aukera izango dute, erabiltzaileen artean zozketatuko baitira. Gainera, liburu berriez bete dute liburutegia eta adin guztietako irakurleei zuzendutako liburu berriak eskuratu ditzakete dagoeneko.
Ipuin kontaketa berezia
Eta ez hori bakarrik. Egunean bertan ere legorretarrek izango dute zer ospatu. Ardi batek kontatutako ipuinak ipuin kontaketa saio berezia izango da arratsaldeko 17:30ean, liburutegian bertan. Aitor Vinagret arduratuko da ipuina kontatzeaz eta 4 urtetik gorako txikientzat bideratuta egongo da. Legorretako Udalak ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.













