Argiteria publikoaren berritze lanak hasiko dira Ordizian
Guztira 112 luminaria zahar ordezkatuko dituzte eraginkorragoak diren LED argiekin. Zortzi herri guneetan gauzatuko dira esku-hartzeak.
Ordiziako Udalak jakinarazi du aste honetan hasiko direla udalerriko hainbat gunetan argiteria publikoa berritzen. Lan horien ardura Leykolan enpresak izango du, eta helburua da herriko argiteria sistema pixkanaka LED teknologiara egokitzen jarraitzea.
Urtarrilean aurreratu zuten bezala, guztira 112 luminaria zahar ordezkatuko dituzte eraginkorragoak diren LED argiekin. Horri esker, udalaren arabera, energia-kontsumoa gutxienez %75 murriztea aurreikusten da. Neurri horrek, gainera, energia-eraginkortasuna handitu, CO2 emisioak gutxitu eta mantentze-kostuak txikitzea ekarriko du. San Bartolome auzoan, N-I errepiderako irteeran, Egutera bidean, Santa Ana aparkalekuan, eta Sanperio, Arana eta Arramendi kaleetan egingo dira esku-hartzeak.
Bestalde, udalak bereziki nabarmendu du Joseba Rezola pasealekuan egingo den lana. Bertan dauden luminariak berritzeaz gain, hiru farola berri jarriko dituzte espazioaren argiztapena eta segurtasuna hobetzeko. Guztira bost farola jartzea aurreikusten da, baina fase honetan hiru instalatuko dira, egungo azpiegitura aprobetxatuta.
Gainerako bi farolak urte honetan bertan egingo den bigarren fasean jarriko dituztela ere azaldu du udalak, jarduketei jarraipena emanda.













