Duna Urteagak gaur kantatuko du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalean
Martxoaren 27an Legazpiko kanporaketa irabazita sailkatu da finalerako. Herriartekoan parte hartu du Oriako Tramanak taldearekin. Gaur Azpeitiko Elikagunean da Eskolarteko finala.
Duna Urteaga, martxoaren 27an Legazpiko kanporaketan abesten.Bertsozale Elkartea Oinak Buruan Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolaritza Txapelketako finala jokatuko da gaur Azpeitiko Elikagunean. 19:30ean jarri dute hitzordua; afaria izango da aurrena, eta afalondoren bertso saioa. Zortzi bertsolari ariko dira finalean kantuan, tartean Duna Urteaga (Beasain, 2009). Harekin batera abestuko dute Kattalin Arabolazak, Inge Mitxelenak, Haritz Alkortak, Ekhi Alvarezek, Urko Arakistainek, Eñaut Otañok eta Adei Urbitartek.
Lau kanporaketa jokatu dira finalera sailkatutako bertsolariak zeintzuk diren erabakitzeko. Martxoaren 18an Altzon eta Oñatin jokatu ziren lehen bi kanporaketak, eta beste biak martxoaren 27an Usurbilen eta Legazpin. Kattalin Arabolaza izan zen Oñatiko saioko irabazlea, Inge Mitxelena Altzokoa, Haritz Alkorta Usurbilgoa eta Duna Urteaga Legazpikoa. Puntuazioz sailkatu ziren beste laurak. Azpeitian erabakiko da nork jantziko duen Gipuzkoako txapela. Gaurko saiorako sarrerak agortu dira.
Herriartekotik eskolartekora
Urteaga 9-10 urterekin hasi zen bertsotan, baina pare bat urtez aritu ondoren utzi egin zuen. Orain dela bi urte berreskuratu zuen, eta lehenengo aldiz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan parte hartu du, Oriako Tramanak taldean. Horrek eskolartekorako lagundu diola azaldu du: «Legazpiko kanporaketan orain arte baino lasaiago sentitu nintzen, nire buruarekin seguruago. Nik uste Herriartekoan erreferente direnekin eta aurkari nire iritziz sendoagoekin –adinagatik batez ere– parte hartu izanagatik, lasai nengoen».
Baina «urduritasun puntu bat» izan du, eta horren garrantzia ere nabarmendu du: «Esango nuke urduritasun puntu bat izatea ondo dagoela, laguntzen dizulako bertso saioan kontzentratuta egoten». Kanporaketako saioa irabazteko «esperantzari eutsi» zion, eta irabazi zuen. Gaurko finalari «gogotsu» helduko dio: «Gogo handia daukat finalerako. Baina azkenean finala bada zerbait handia, jende gehiago, aurkariak ere gogorragoak… eta oso urduri nago. Aukera polita da finalean parte hartu ahal izatea baina urduritasun handiarekin».
«Herriartekoan erreferente direnekin parte hartu izanagatik, lasai nengoen Legazpin»
«Urduritasun puntu bat izatea ondo dago, laguntzen dizulako bertso saioan kontzentratuta egoten»
Duna Urteaga. Bertsolaria
Eskolan, «betiko martxan»
Aitortu du batzuetan gaizki atera daitekeenaren mamuak datozkion arren, baikortasunari eutsi nahi diola: «Esaten dut ‘gaizki ateratzen bada…’, baina beste alde batetik konfiantza eduki nahi dut esateko ‘ondo aterako da’; segurtasun pixka bat eduki nahi dut».
Afaria «ziurrenik luze» egingo zaio, baina agurra kantatu bezain pronto «urduritasuna alde batera utzi ahal izatea eta disfrutatzea espero» du. Asteroko bertso eskola egin du, eta bere kabuz etxean ere aritu da, «agurra prestatzen eta errima zerrendak egiten, betiko martxan». Urduritasunak uxatzea eta saioan gozatzea du helburu.













