EHUren Uda Ikastaroak Ataunen, Beasainen, Ordizian eta Zaldibian
133 Uda Ikastaro eta 29 workshop programatu ditu EHUk. Goierriko lehena Ataunen izango da, ekainaren 18an eta 19an, Jose Migel Barandiaranen ekarpenaren inguruan.
Ateak Ireki Dantzan EHUren Udako Ikastaroaren aurkezpena Igartzako jauregian, iaz.Ariane Vierbücher EHUren Uda Ikastaroen 45. edizioa aurkeztu dute Bilbon, “ezagutza kolektiboa eraikitzeko” gonbidapena zabalduta. Goierrira ere ekarriko dituzte jarduerak; Ataunen, Beasainen, Ordizian eta Zaldibian ikastaro bana egingo da. 133 Uda Ikastaro eta 29 workshop programatu ditu EHUk. Gune nagusiak Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz izango dira, baina Euskal Herriko hainbat herritara ere iritsiko dira.
Goierriko lehena Ataunen izango da, ekainaren 18an eta 19an, Jose Migel Barandiaranen ekarpenaren inguruan, Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara IV izenburupean. Haren bizitzan eta lanetan sakonduko dute ikastaroan, bere garaiko gizartean bere lanak nola txertatzen ziren azaldu eta arkeologia eta genetikaren arloan azken hamarkadan egin diren aurrerapenak aurkeztuko dituzte, besteak beste. Historian Doktorea eta EHUko Gasteizko Letretako Fakultatean Irakasle Titularra den Jose Antonio Mujika Alustiza (Beasain, 1957) da ikastaroaren zuzendaria.
Beasainen, hiri-logistika hizpide
Beasainen egingo da Goierriko bigarrena, irailaren 10ean, Igartzako jauregian. Hiri-Logistikaren Transformazioa: Teknologia eta Eredu Arrakastatsuak izenburupean, hirien etorkizuna birdefinitzen ari diren hiri-logistikako ereduak eta arrakasta izan duten kasuak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Adur Ugartemendia Beasaingo alkateordea da zuzendaria.
Iaz ere hiri-logistikari lotutako Udako Ikastaroa eskaini zen Beasainen; merkataritza elektronikoaren gorakada eta espazio publikoan zein ingurumenean logistikak duen eragina aztertu zituzten. Horrez gain, iaz Ateak Ireki ekimeneko euskal jatorriko gazte estatu batuarrei zuzendutako euskal dantzei buruzko ikastaroa eskaini zen Beasainen.
Plastikoaren murrizketa eta artilearen erabilera, Zaldibian
Hurrengo egunean, irailaren 11n, Zaldibiako Goizane Zentroan izango da Uda Ikastaroa: Ekonomia Zirkularreko proiektuak lehen sektorean. Gipuzkoan plastikoaren murrizketarako eta artilearen balorizaziorako aukerak azalduko dituzte, sektoreko eragileak konektatzea, proiektu pilotu posibleak identifikatzea eta egun daudenak ezagutaraztea helburu.
Yurre Peñagarikano Zubeldia Urkome Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkarteko ordezkaria eta Agurtzane Etxaniz Etxaniz Debabarrenako Landa Garapenerako Elkarteko ordezkaria dira zuzendariak.
Ordiziakoa, zehazteke
Eskualdeko azkena Ordizian izango da. Iaz 10. edizioa bete zuen Gaztaren Biltzarra egingo da Uda Ikastaroen barruan aurten ere. Ez dute datarik edo formaturik zehaztu oraindik. Urriko lehen ostirala izan ohi da.
Ikastaroetan izena emateko epea irekita dago. Ikastaro bakoitzaren inguruko informazioa eta matrikulazioa uik.eus webgunean dago eskuragarri.













