Ingeteam Indar Machines enpresan hitzarmen berria lortu dela iragarri du LABek
Martxoaren 5ean hasi zituzten mobilizazioak. Langileen asanbladaren gehiengoak hitzarmena sinatzearen alde egin du.
Indarreko langileak Beasaingo kaleetan protesta egiten, martxoaren 16an.LAB LAB sindikatuak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ingeteam Indar Machines enpresan hitzarmen berria lortu dute langileek mobilizazioen bitartez.
Sindikatuak langileak zoriondu ditu egindako borrokarengatik, eta azpimarratu du “zuzendaritzaren borondate falta gainditzeko ezinbestekoa” izan dela batasuna eta irmotasuna: “Lanuzte eta grebek izandako jarraipen zabalari esker lortu da hitzarmen berria Ingeteam Indar Machines enpresan”.
Martxoaren 5ean hasi zituzten mobilizazioak, ordu hartan azaldu zutenez “ezinbestekoak diren zenbait edukiren gainean hitz egiteko zuzendaritzaren borondate falta” tarteko. Mobilizazioen bidez eta zuzendaritzarekin negoziatu ostean, LABek azaldu du eros ahalmena berreskuratzea, enplegu politikako akordioa hobetzea, bajen osagarriak handitzea eta azpikontratetako baldintzak hobetzea izan direla lortutako aurrerapenen ardatzak. “Hasieran zaila zirudien arren, zuzendaritza neurri horietan aurrera egitera behartu da”.
LABen ustez prozesua ez zegoen agortuta
Apirilaren amaierara arte zegoen adostuta lanuzte eta greba egutegia, baina zuzendaritzarekin adostasun batera iritsi dira eta langileen asanbladaren gehiengoak hitzarmena sinatzearen alde egin du.
LABek uste du prozesua ez zegoela erabat agortuta eta “azken ahalegin batek enplegu politikako akordioa gehiago hobetzeko aukera eman zezakeela”, baina asanbladaren gehiengoaren erabakia errespetatuz eta “lortutako aurrerapenak balioan jarrita” hitzarmen berria sinatuko duela adierazi du. “Aurrera begira, egindako bideari jarraipena ematea izango da erronka, zintzilik geratu diren gaietan sakonduz eta helburu berrien alde borrokatuz. LABek konpromisoa hartu du bide horretan jarraitzeko”.













