Kilometroak-eko kantaren bideoklipa aurkeztu dute Lazkaon
Herriko festen hasierarekin uztartu dute bidekliparen aurkezpena. Ikastolak ostiralero antolatzen duen Kantujiraren X. urteurrena ere ospatu dute.
Lazkaon jai giroa nagusi da, eta Lazkaoko Ikastola zurrunbilo horren erdian dago: Kilometroak-eko “ibili-ibilian buelta” abestia eta bideklipa aurkeztu dutelako, 11:00etan; ostiralero antolatzen duten Kantujiraren X. urteurrena ospatu dutelako, 11:30ean; eta herriko jaien hasierako txupinazoa jaurtiko dutelako, 18:30ean. Txupinazo aurretik bideoklipa berriro proiektatuko du Lazkaoko Ikastolak.
Bideokliparen aurkezpena
Ion Martinez Lazkaoko ikastolako zuzendariak, aurten Ikastolen aldeko jaia orain 50 urte sortu zen lekura itzuliko dela azaldu du, “kanta honekin jai erraldoi horretan parte hartzera dei egiten dizuegu”. Kilometroak-en abestia Amaia Agirre bertsolariaren eta Xabier Zabala konposatzailearen artean sortu dute, Agirrek letra eta Zabalak doinua jarri dio. Xeber Maizak, Kilometroak-eko koordinatzaileak dioenez, “Agirrek bete-betean asmatu du hitzen bidez gaur ilusio handiz aurkezten dugun proiektu honi esanahia eta sakontasuna ematen”.
Kantuan musikari ezagun batzuk ere parte hartu dute: ETS taldeko Iñigo Etxezarreta, Nøgen taldeko Ane Negueruela, Xabi Solano eta Alaitz eta Maider. Alaitz Telletxeak, trikitilariak eta ikastolako irakasleak dio kanta “honek” hemendik aurrera bidea urratzen lagunduko diela, “kanta soil bat ez delako, gure komunitatearen eta balioen isla ere badelako”.
Bideoklipa Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravok duten Aztarna productions ekoiztetxeak ondu du. Ikastolak bideokliparen protagonismoa lazkaoko herritarrei eman nahi izan die. Horregatik, herriko beste eragile batzuk ere parte hartu dute: Lazkao Txiki musika-eskolak, Oin-Arin dantza taldea eta Lazkaoko buruhandi eta erraldoien konpartsa horien artean, hain zuzen ere.
Kantujira
Ostiral goizero Lazkaon Kantujira ekimena egiten da, ikasle eta irakasleek, herriko eragileekin batera. Hainbat euskal kanta abesten dituzte herriko plazan. Euskararen eta euskal kulturaren ezagutza eta transmisioa sustatzea duela helburu adierazi du ikastolak. Orain 10 urte abian jarri zen ekimen hori; astez aste hazten joan da eta gaurkoa Kantujira are “bereziagoa” izan dela adierazi dute ikastolako ordezkariek, Kilometroak 26ko kanta eta bideokliparen aurkezpenean Ikastolako ikasle guztiek hartu baitute parte.













