Maiatzaren Lehenean Ordizian mobilizatuko da LAB Sindikatua
Euskal Herrian 26 manifestazio deitu ditu sindikatuak langileen nazioarteko egunerako. Goierrikoa, Ordizian izango da, 12:30ean, plaza nagusitik abiatuta.
Maiatzaren Lehenaren harira, 26 manifestazio deitu ditu LAB sindikatuak Euskal Herriko eskualde eta hiriburuetan. Goierrikoa Ordizian izango da, 12:30ean, Plaza Nagusitik abiatuta. Amaitutakoan ekitaldia egingo dute.
Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi Komunikazio arduradunak Donostian egindako agerraldian, aurtengo mobilizazioen nondik norakoak azaldu dituzte: “Langileok eragin” lelopean mobilizatuko dira, eta nabarmendu dutenez, “langileen bizimodu duina bermatzeko” ezinbestekoak diren hiru neurri aldarrikatuko dituzte: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.
Arroyok nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia, munduan zehar gatazka eta gerra egoerek langileengan duten eragina azpimarratuz. Bere esanetan, horien ondorio ekonomikoak langileen gain jartzen saiatzen da patronala, prezioen igoeren eta lan-baldintzen okertzearen bidez. Horren aurrean, sindikatuak mezu argia helaraziko du Maiatzaren Lehenean: gerraren aurkako jarrera irmoa.
Bestalde, LABek azpimarratu du egungo ziurgabetasun ekonomikoak areagotu egin duela langileen aldeko politikak egiteko premia: ““Hasteko eta behin, langile guztiei eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaie, hots, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina. Hori aldarrikatu zuten martxoaren 17an 100.000 lagun baino gehiagok Hego Euskal Herriko kaleetan”.
Enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileak ere izan dituzte gogoan, besteak beste, greba mugagabean dauden hainbat enpresetako langileak. Halaber, patronalaren jarrera kritikatu dute, negoziazioari uko egitea leporatuta, eta sindikalismo borrokalariaren aldeko apustua berretsi dute.
Ildo berean, instituzioek eta patronalak sustatutako elkarrizketa sozialaren eredua ere gaitzetsi dute, langileen benetako beharrak albo batera uzten dituela iritzita. LABen ustez, bestelako eredu bat eraiki behar da, non aberastasuna, enplegua eta zaintza lanak modu bidezkoagoan banatuko diren.
Horregatik, gutxi batzuen etekinak baino, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. “Birbanaketa politikak ezarri behar dira Euskal Herrian; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”.













