Marco Martinek irabazi du 83. Lazkao proba
Euskadi Fundazioko txirrindularia Kern Pharmako Simone Albuserari nagusitu zaio esprintean. BBK-Euskadi izan da talderik onena.
Marco Martin txapelarekin, BBK-Euskadi taldeko kideekin, podiumean. Mertxe Beriain Marco Martinek garaipenarekin burutu du BBK-Euskadi taldeak 83. Lazkao Proban egindako lasterketa bikaina. Euskaldun Txapelketarako baliagarria, 132 kilometroko proba menditsuak izan da, Abaltzisketa eta Gaintza hiru aldiz igota eta Lazkaomendiko eta Urkillagako aldapekin amaieran.
Euskadi Fundazioko harrobiko taldeak bere jarrera eta lehiakortasuna erakutsi ditu hasieratik, 20 txirrindulariko ihesaldian bost taldekideekin. Edonola ere, proba azken bi igoeretan erabaki da. Lazkaomendiko aldapetan, Martin eta Asier Castilla nabarmendu dira Iker Perezekin (Caja Rural), nahiz eta burua berriz elkartu den; Iker Colmenero, Aimar Galdos, Aimar Marin eta Ekhi Uriarte ere aurrean ziren.
Mikel Gaztañagaren taldeak lan egin du tropel buruan, eta Urkillagan Martinek eta Perezek ihes egin dute. Jaitsieran, berriz, Martinek eta Albuserak (Equipo Finiser-Kern Pharma) tartea ireki dute eta garaipena jokatu dute biek. BBK-Euskadiko txirrindularia azkarragoa izan da eta besoak altxatu ditu; Castilla laugarren sailkatu da eta Euskaldun Txapelketako lidergoa berreskuratu du Urduñakoak. Bide batez, BBK-Euskadi talde onena izan da.













