Arana kaleko bide segurtasun egoerak kezka sortu du Ordiziako herritarrengan
Arana kalean haurrek duten “babes faltaz” ohartarazi du herritar batek, eta egoeraren gaineko kontzientzia hartzea eta egoerari aterabidea ematea eskatu dio Ordiziako Udalari.
Arana kaleko irudia, trafikoarekin. Hitza Ordiziako Jose Arana kaleko bide segurtasun egoerak ezinegona sortu du herritarrengan, batez ere kale horretan oinezko txikienek duten “babes faltagatik”. Horrela adierazi du herritar batek hedabideetara bidalitako oharrean: Jose Arana kalea ohiko igarobidea da egunero ehunka haurrentzat, batzuk etxera bidean eta beste asko inguruko ikastetxeetara doazenak (0-5 urte)”.
Azaldutakoaren arabera, herriko trafikoaren zati handi bat —ibilgailu astunak barne— kale horretatik igarotzen da: “Bereziki arriskutsua da 1 eta 2 zenbakien pareko tartea, non kalea estutu egiten den eta espaloiak eta errepideak plataforma bakarra osatzen duten, inolako zintarririk edo oinezkoentzako babes-neurririk gabe”. Gainera, ibilgailuak maiz 30 km/h-ko abiaduran edo handiagoan igarotzen direla azpimarratu du, “abiadura kontrolatzeko neurri eraginkorrik ez dagoelako”.
Indarrean dagoen Zirkulazio Kodearen arabera, plataforma bakarreko kaleetan gehieneko abiadura 20 km/h-koa izan beharko litzatekeela gogorarazi du. “Hori bete ezean, eguneroko arrisku egoerak handitu egiten dira”, dio bizilagunak.
Haren ustez, egoera are deigarriagoa da inguruko herriekin zein Ordiziako gainontzeko kale batzuekin alderatuta. Izan ere, trafiko gutxiago eta oinezko gutxiago dituzten guneetan “babes neurri gehiago” daude ezarrita, hala nola barandak, bolardoak, abiadura murrizteko kota-aldaketak edo oinezkoentzako lehentasunezko eremuak. Kontrara, Jose Arana kalean “babes falta nabarmena” dela adierazi du.
Aterabidea ematea exijitzea
Duela urtebete ere, egoera horren harira herritar talde batek Ordiziako Udalari esku-hartze kolektiboa eskatu zion egoera hobetzeko, hainbat proposamen tekniko aurkeztuta. Udal arduradunekin bilerak ere egin zituztela jakinarazi du, baina “gaur gaurkoz ez da esku-hartzerik gauzatu, ezta neurri zehatzik iragarri ere”.
Herritarraren hitzetan, “arriskua agerikoa da” eta bereziki eragiten die haur txikiei. Hala, etorkizunean kalea oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtzeko aukera aipatu bada ere, uste du ezin dela “urteak itxaron neurriak hartzeko”. Horregatik, egoeraren gaineko kontzientzia hartzea eta egoerari lehenbailehen aterabidea ematea eskatu dio Ordiziako Udalari: “Berandu izan baino lehen esku-hartu behar da”.













