Dantzari txiki eta handientzat, asteburu betea
Dantzari Txiki Eguna dute Zumarragan eta Beasainen, Helduen Dantza Topaketa Idiazabalen, Lurra Eguna Urretxun eta Iztueta taldearen emanaldia Zaldibian.
Beasaingo Dantzari Txiki Eguna, 2025ean.Asier Zaldua Dantzari eta dantza zale goierritarrek asteburu betea izango dute dantzaren bueltan gozatzeko, Goierriko bost herritan egingo baitira ekitaldiak.
Ostiralean, maiatzaren 8an izango da lehena. Idiazabalen, Helduen Dantza Topaketa izango da, lau talderen parte hartzearekin: Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Amets Bide, Anoetako Anitz eta Idiazabalgo Axari. Ikuskizuna 18:30ean hasiko da, Plaza Nagusian. Eguraldi txarra egingo balu, Igarondo pilotalekuan egingo lukete.
Larunbatean, berriz, maiatzaren 9an, Urretxuko Lurra dantza taldeak Lurra Eguna ospatuko du, Dantzan dagoen herria ez da inoiz hilko lelopean. 12:00etan haurrentzako jolasak izango dira herrian zehar, 14:30ean bazkaria egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean, eta 17:30ean Gauargi taldearekin erromeria izango da.
Larunbatean ere, Zaldibiako Iztueta dantza taldeak emanaldia eskainiko du Zaldibiako Resti pilotalekuan, 18:30ean.
Eta dantza asteburua borobiltzeko, igandean Dantzari Txiki Eguna izango dute Beasainen –Aurtzaka Dantza Taldeak antolatuta– eta Zumarragan –Irrintzi Dantza Taldeak antolatuta–.
Dantzari txikiak bi herritan, igandean
Beasainen, Beasaingo Ostadar, Lazkaoko Oin Arin, Ataungo Otsoak, Gabiriako Goruntz, Urretxuko Lurra, Ordiziako Amets Bide, Oreretako Ereintza, Zumaiako Txori Txiki, Zaldibiako Iztueta eta Beasaingo Aurtzaka taldeek parte hartuko dute. 10:45ean dantzarien bilkura izango da Dolarea parkean (eguraldi txarrarekin Murumendi ikastetxeko aterpean), 11:30ean kalejira, 13:15ean dantzarien bilkura eta dantzak San Martin plazan, eta 16:30ean dantzaldia Eingo taldearekin Erauskin plazan.
Zumarragan, berriz, Uharteko Amaiur, Portugaleteko Berriztasuna, Zarauzko Jalgi, Urretxuko Lurra, Antzuolako Oin Arin, Lazkaoko Oin Arin, Oñatiko Oñatz, Usurbilgo Orbeldi eta Zumarraga-Urretxuko Irrintzi taldeek parte hartuko dute. 10:45ean elkartuko dira taldeak Txindokiko plazan, eta jarraian, 11:30 inguruan kalejiran ibiliko dira. 13:00etan Aurreskua eta Ikurrin dantza egingo dituzte Euskadi plazan, eta 16:30ean dantza gidatuak izango dira Kalebarren-Areizaga plazan. Eguraldi txarrarekin, emanaldiak Beloki pilotalekuan egingo dituzte.













