Lazkaomendiko jaiak, ostiraletik igandera
Lazkaoko Pedalier kirol klubak jaurtiko du txupinazoa bihar. Larunbateko herri kiroletan Goierriko zortzi talde lehiatuko dira, inoizko kopuru handiena.
Iazko herri kirol saioaren ondoren ateratako talde argazkia, Lazkaomendin. Laida Goiburu Lazkaomendiko Festak ostiralean hasi, eta igandean amaituko dira. Jarduera eta ekintza ezberdinak antolatu dituzte astebururako. Jaien hasierako txupinazioa bihar izango da, 18:00etan. Aurten, Lazkaoko Pedalier kirol klubak jaurtiko du. Haritz Goenak, jaien antolatzaileetako batek adierazi duenez, 50 urtez Lazkaomendiko Txirrindulari Proba antolatzearen lana omendu nahi zaie.
Ikusmin handia sortzen duen Lazkaomendiko herri kirol desafioa larunbatean izango da, 17:30ean. Goierriko zortzi talderen artekoa izango da lehia: Ataun, Beasain, Gabiri, Idiazabal, Segura/Zegama, Urretxu/Zumarraga, Lazkaomendiko gazteak eta Lazkaomendiko beteranoak.
Herri kiroletan zortzi lan egin beharko dituzte: korrika, fardoa tiraka mugitzea, 4 metroko soka igotzea, txingak, ingudea, trontza, aizkora, harri zulatzea eta piketeak sartzea. Ondoren, auzo afaria egingo dute, eta 150 pertsona espero dituztela aurreratu du Goenak.
Igandean ere jai giroa egongo da goizetik. Urteroko mendi irteera, eta ondorengo haurrentzako jolasak egongo dira beste ekintza batzuen artean. Jaiei amaiera emateko aizkolari, bertsolari eta trikitilarien emanaldia egongo da, 17:30ean.
Autobus zerbitzua
Lazkaomendira joan eta etortzeko autobus zerbitzu berezia jarri dute maiatzaren 9an. Joateko 16:00etatik 18:00etara egongo dira. Lazkaomenditik jaisteko bidaiak, berriz, 19:30etik 21:30era bitarteanizango dira.
Mus txapelketa
Pasa den larunbatean, maiatzaren 2an, festa giroa izan zen Lazkaomendin, IX. Mus Txapelketa jokatu baitzen Lartxai Elkartean. 65 bikotek parte hartu zuten. Jon Ander Palacio eta Pako Torne bilbotarrek irabazi zuten txapela eta 1000 euroko saria. Aitor Makazaga usurbildarra eta Juantxo Iraola zizurkildarra txapeldunorde gelditu ziren, eta 500 euroko saria jaso zuten.
EGITARAUA
Maiatzak 8, ostirala
- 18:00. Txupinazoa festak hasteko, Lartxai elkartean.
- 18:05. Buruhandiak.
- 18:30. Taloak egiteko txokoa, haurrentzat.
- 19:30. Karaokea.
Maiatzak 9, larunbata
- 10:15. Pilota txapelketa, haurren artean, Lartxai elkartearen azpialdeko pilotalekuan.
- 17:30. Herri arteko herri-kirol desafioa, Itxurreneko zelaian. Taldeak: Ataun, Beasain, Gabiria, Idiazabal, Lazkao, Lazkaomendi beteranoak, Urretxu eta Segura-Zerain. Probak: Sailkatze fasean: txingak, ingudea, aizkora, trontza, soka, lasto-bala bizkarka eramatea, korrika eta piketea sartzea. Finalean, horiez gain, harria zulatzea ere bai.
- 21:00. Auzo afaria, Itxurrene aurreko karpan.
- Gauean. Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilariak.
- Ondoren. Oixani DJaren musika, goizaldera arte.
Maiatzak 10, igandea
- 08:30. Mendi ibilaldi neurtuaren hasiera, Lazkaoko plazan.
- 11:00. Haur jolasak, Itxurrenen.
- 12:30. Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilarien eta musikarien emanaldia, eta Lazkaoko Oin Arin dantza taldearen erakustaldia.
- 16:30. Thor magoaren ikuskizuna.
- 17:30. Aizkolari, bertsolari eta trikitilarien artean egindako erakustaldia. Aizkolariak: Haritz Goena eta Joanes Izagirre; bertsolariak: Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia; trikitilariak: Gari Lizarraga eta Iñaki Larrañaga.













