SOS Arrazakeriak bulego bat ireki du Goierrin, Beasainen
Jose Migel Iturrioz kaleko 4. zenbakian dago bulegoa. Irekiera ekitaldia egin dute zerbitzuen berri emateko. Atzerritartasunaren eta etxeko lanaren arloko jarduera eremuak garatuko dituzte.
SOS Arrazakeriako bi kide Goierriko bulegoko kartela jartzen, irekiera-ekitaldiaren aurretik.Laida Goiburu SOS Arrazakeriak bulego bat ireki du Goierrin. Eskualde osoari zerbitzua ematea du helburu, baina Beasainen dago, Jose Migel Iturrioz kaleko 4. zenbakian. Gaur irekiera-ekitaldia egin dute erakundearen lanaren eta bulegoan eskainiko dituzten zerbitzuen berri emateko.
SOS Arrazakeriak azaldu duenez, “erakunde eta entitate sozialetatik bultzatzen ari diren kulturartekotasun eta pertsona guztien eskubideen defentsa politikei babesa emateko” ireki dute bulegoa. Aholkularitza eta laguntza zerbitzuak eskaintzen ditu erakundeak, eta Beasaingo bulegotik atzerritartasunaren eta etxeko lanaren arloko jarduera eremuak garatuko dituzte.
Irekiera-ekitaldian Peio Aierbe SOS Arrazakeriako koordinatzaileak, Marling Castillo Etxeko Langileen arloko koordinatzaileak eta Nerida Taboada Goierriko Etxeko Langileen jardueraren dinamizatzaileak hartu dute hitza, bulegoaren eta zerbitzuen bidez lortu nahi dituzten helburuak azaltzeko. Leire Artola Beasaingo alkateak eta Ainara Ormaetxea Ordiziako Aniztasun teknikariak ere parte hartu dute. Inaugurazioa eginda, pare bat aste beharko dituzte bulegoa martxan jartzeko eta jendea zerbitzu eta elkargunera gerturatzea lortzeko.

Irekiera-ekitaldian parte hartu dutenak bulegora sartzen.Laida Goiburu
Kafe Taldea, espazio irekia
Jose Migel Iturrioz kaleko bulegoak hiru ardatz izango ditu. Batetik, Atzerritarren arloko arreta juridikoko Euskal Sarearen barruan, doako aholkularitza, atzerritarren inguruko informazioa eta diskriminazio egoeren aurrean arreta eskainiko dute. Hitzordua hartzeko 943 24 56 27 zenbakira deitu edo sos.gipuzkoa@sosracismo.eu helbide elektronikora idatzi behar da.
Bestetik, doako lan-aholkularitza zerbitzua emango dute ostegunero, bereziki etxeko langileei zuzenduta, eskubideak ezagutzeko eta lan orientazioa jasotzeko. Enplegatzaileei ere informazioa eskaintzen diete, lan baldintza duinak sustatzeko. Hitzordurako 658 749 756 zenbakira deitu behar da.
Azkenik, Kafe Taldea ostegunero elkartuko da bulegoan, 16:00etan. Etxeko langileentzako topaketa, sozializazio eta babeserako gune irekia da. Lan eta migrazio esperientziak partekatzeko, isolamendua gainditzeko, elkarri babesa emateko eta eskubide baliabideei buruz informatzeko izango da.

Marling Castillo, Peio Aierbe eta Nerida Taboada.Laida Goiburu
Partekatzeko eta sareak sortzeko
Peio Aierbe SOS Arrazakeriako koordinatzaileak azaldu du eskualdearen immigrazio tasa altua ez dela bateragarria erakundeak bertan duen presentziarekin: “Gure presentzia oso murritza da. Gure baliabideek, gure proiektuek, baloreek, Goierrira etortzen direnen zerbitzura egon behar dute, eta zailtasunei aurre egin behar diete. Zailtasun batzuk araudiari eta legeei lotutakoak dira, baina beste batzuetan zailtasun horien protagonistak bertako pertsonak gara. Aholkularitzari eta jokabide arrazista eta diskriminatzaileak salatzeari esker, duela 30 urte baino gehiagotik milaka pertsonari lagundu diegu atzerritartasunaren labirintoan”. Duela 10 urtetatik, berriz, etxeko langileen laguntza arloan jarduten du erakundeak, Aierberen hitzetan, “erakundea bera markatu” duena.
“Zailtasun batzuk araudiari eta legeei lotutakoak dira, baina beste batzuetan zailtasun horien protagonistak bertako pertsonak gara”
Peio Aierbe. SOS Arrazakeriako koordinatzailea
Marling Castillo Etxeko Langileen arloko koordinatzaileak jarraitu du hitzaldia. Auto-antolakuntzan egin dute lan azken 5 urteetan, langileen behar eta eskaerei erantzuna emanez: “Lan aholkularitza sortu dugu, eta aholkularitza juridikotik sortu da, konturatu garelako lan eskubideen inguruko informazioa eskatzen zutela etxeko langileek”. Baina aholkularitza eta informazio juridikoaz harago, sareak sortzearen garrantzia azpimarratu du Castillok. Sare horiek ehuntzeko sortu dituzte Kafe Taldeak: “Etxeko langileak, libre dituzten ordu gutxi horietan, hitz egiteko, bizipenak partekatzeko etor daitezen”.
“Espazio horietan loturak sortu ditugu, eta lan arloaz gain, arlo pertsonalaz ari gara”
Marling Castillo. Etxeko Langileen arloko koordinatzailea
Sei espazio Gipuzkoan
Kafearen bueltako tarte horiek espazio gehiago irekitzea ahalbidetu die; Beasaingoa da Gipuzkoako seigarrena, eta horrez gain, bulegoak dituzte Irunen, Errenterian, Donostian, Zarautzen eta Tolosan. “Espazio horietan loturak sortu ditugu, eta lan arloaz gain, arlo pertsonalaz ari gara; %99 emakume migratuak dira, eta atzean historiak, familiak jaioterrian utzi izana… ondoeza hori hortik etortzen da askotan”, azaldu du Castillok. Horregatik, aisiarako guneak ere sortzearen garrantzia aldarrikatu du. Baikorra da Beasaingo bulegoaren etorkizunaz, eta babesa eskaini dio eskualdeko dinamizatzaile izango den Nerida Taboadari.
Taboadak, hitzaldia amaitzeko, antolakuntza eta elkarrekiko babesa izan ditu hizpide: “Hemen ez dio axola hizkuntzak, ez dio axola nongoak garen, batak besteari eman diezaiokeen besarkada da garrantzitsua, babesa”. SOS Arrazakeriari “hain zaurgarria den sektore batean arreta jarri izanagatik” eskerrak eman dizkio: “Oso prekarizatua dagoen sektore bat da, abandonatua dagoena. Emakumeak dira sektorearen oinarria, eta horiexek eusten dute bizitza. Argi esango dut: nire lana zure etxean lana da, nik nire etxea uzten dudalako nire lana zure etxean egiteko”.
“Hemen elkarrekin egingo dugu bidea, eta kafe baten bueltan antolatzen eta ahalduntzen joango gara”
Nerida Taboada. Goierriko Etxeko Langileen jardueraren dinamizatzailea
Dei egin diete aholkularitza edota babesa nahi dutenei Beasaingo bulegora gerturatzera: “Hemen elkarrekin egingo dugu bidea, eta kafe baten bueltan antolatzen eta ahalduntzen joango gara”.
Informazio saioa
Maiatzaren 13an, asteazkenean, atzerritartasunari buruzko informazio saioa eskainiko du SOS Arrazakeriak –Nerida Taboada Goierriko Etxeko Langileen jardueraren dinamizatzailea han izango da– Beasaingo udaletxeko sarrerako bilera gelan, 17:00etatik 19:00etara. Egoitza-baimenaren izapidetzeak, berritzeak… Atzerritarrei buruzko Legearen eraginpean dauden pertsonen kezkak argitzeko saioa izango da.

Beasaingo Jose Migel Iturrioz kalean dago bulegoa.Laida Goiburu













