Udaberriko azoka egingo dute ostiralean Itsasondon
Ekoizleen zein gurpil gaineko azoka eta kale antzerkia izango dira.
Pilar Azpiazu gabiriarrak apaingarriak egin ditu kalabazekin. Bihar Itsasondon izango da. Oier Markotegi Itsasondoarrek indarrez helduko diote asteburuari, bihar antolatu duten udaberri azokarekin. 17:00etan hasita, bertako zein inguruko hamalau sortzaileen produktuak erosteko aukera izango da. Tartean izango dira, Haizea Arruti (harizko pultserak eta trapuzko panpinak) eta Maider Navarrete (gurpilen gainean) itsasondoarrak, Aramako Valentina Yañez (koilareak eta pultserak) eta Ana Gorostizu (krema, ukendu, xaboi… naturalak), Gabiriako Iratxe Irigoien (mantalak, oihalezko osagarriak eta bitxiak) eta Pilar Azpiazu (kalabazarekin egindako apaingarria) eta Lazkaoko Gerriko liburudenda.
Azokaren helburuak dira, besteak beste, tokiko produktuen aldeko apustua egitea, inguruko ekoizleek egiten duten lana balioan jartzea, ikusgarritasuna ematea eta herritarrei gertuko produktuak ezagutzeko zein kontsumitzeko aukera eskaintzea. Herriko ekoizleez gain, inguruko herrietakoak ere izango dira bertan, eta horrek bisitari gehiago erakarriko ditu.
Horrez gain, beste berezitasun bat ere izango du ostiraleko azokak: Gurpil gaineko azoka ere izango da ekoizleen azokaren ordutegi berean, eta besteen artean, bigarren eskuko txirrinduak, patinak eta antzerakoak eskuratzeko aukera ere izango da.
Kale ikuskizuna ere bai
Azokaren ondoren, 20:00etan hasita, Goitibera Teatro antzerki taldeak eskainiko duen Eraitsi S.L. kale ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Antzezlanak espazio publikoa eta jolasaren inguruko hausnarketa bultzatzea du helburu. Adin guztietara dago bideratua.













