40 milioi euroko emaitza garbia izan du CAFek 2026ko lehen hiruhilekoan
CAFen historiako tren-kontratu handiena sinatu da Belgikan, eta beste negozio eta geografia batzuetatik jasotako kaptazioa gehituta, taldearen hiruhileko batetako maila errekorrean kokatu da.
CAFek ekoitzitako trenak lantegian.CAF Taldea CAF Taldeak 2026ko lehen hiru hilabeteetako datuak argitaratu ditu. 40 milioi euroko emaitza garbia izan du 2026ko lehen hiruhilekoan, 2025eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta %12 gehiago.
Errekorreko eskari zorroa izan du, 17.960 milioi eurokoa, 2025eko abenduaren 31ko datuekin alderatuta %11 gehiago. Eskari zorroaren gorakada kontratazio handiari esker izan da: 2.883 milioi eurokoa, 2025eko lehen zatian baino %42 gehiago; iazkoan 2.026 milioi eurokoa izan zen. Banaketa honela izan da: %72 tren-ibilgailuetan, %14 autobusetan, %10 zerbitzuetan eta %4 soluzio integraletan eta sistemetan. Eremu geografikoaren arabera, Europak bildu du kontratazioaren %91; %86 Europako herrialdeetara bideratuta eta %5 Espainiar estatura, %8 Amerikara eta %1 Asia-Pazifiko eta beste eremu batzuetara.
CAFen historiako tren-kontratu handiena sinatu da Belgikan, eta beste negozio eta geografia batzuetatik jasotako kaptazioa gehituta, taldearen hiruhileko batetako maila errekorrean kokatu da. Belgikakoaz gain, hauek dira 2026ko lehen hiruhilekoan iragarritako eta sinatutako kontratazio nagusiak: Helsinkiko (Finlandia) metroarekin sinatutako kontratua, Suediako Nobina operadorearekin sinatutakoa eta Suediako VR Sverige garraio-enpresarekin sinatutakoa.
Autobusen salmentak gora
Salmentek %4 gora egin dute iazko lehen hiruhilekoarekiko: 1.158 milioi eurokoa izan da aurtengo lehen zatian, eta iazkoa 1.118 milioi eurokoa izan zen. Salmentak segmentuetan banatuz gero, tren arloan %5 egin dute behera. Enpresak azaldu duenez “jaitsiera horrek batez ere urte arteko konparazioan eragina izan duen kontabilitate mailako efektuarekin du zerikusia”, eta ekainerako joera-aldaketa aurreratu du. Era berean, azaldu du Ekialde Ertaineko gatazkak eragina izan duela eremu horretako tren arloko proiektuetan. Autobusen salmentek, berriz, %35 egin dute gora, batez ere entregatutako autobusen kopurua handitu delako.













