Aralarko eremu babestuaren "etorkizuna zalantzan" dagoela diote Eguzkik eta Landarlanek
Aralarrek antolamendu plan berria behar duela onartzen dute, baina "aurrekoaren ebaluazio zorrotza eta zehatza falta" dela nabarmendu dute. Jaurlaritzak eta aldundiak aurkeztutako planei alegazioak jarri dizkiete, eta gauza bera egingo dute mankomunitateak aurkeztutakoarekin.
Beltzulegi saroia Aralarren, aurrean Ausa-Gaztelu mendia duela. Hitza Eguzki talde ekologistak eta Goierriko Landarlan Ingurumen elkarteak Aralarko eremu babestuaren “etorkizuna zalantzan” ikusten dute. Bi erakundeen alegazioak aurkeztu dizkiete Eusko Jaurlaritzak iazko urte bukaeran kontsultarako ireki zuen Aralar eremu babestuaren antolamendurako planari (NBAP) eta gauza bera egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduak martxoaren 11n Kudeaketa Planari. Era berean, Enirio-Aralar Mankomunitateak bere lurraldeari dagokion Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikorako kontsultaren alegazio epea gelditzeko eskatuko dute.
Eusko Jaurlaritzak 2025eko urte amaieran kontsultarako ireki zuen Aralar eremu babestuaren Antolamendurako plana (NBAP) eta martxoaren 11n amaitu zen epea. Bi erakundeek dioteneaz, hainbat elkarte eta herritarrek alegazioak bidali zizkieten Eusko Jaurlaritzari “plan hori ingurumen arrazoi ugarirengatik onartezina” zela adieraziz. “Epea bukatu zen egun berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduak Kudeaketa planaren kontsulta ireki zuen, oraindik Eusko Jaurlaritzak Antolamentu planaren alegazioak erantzun eta plana onartu ez duenean, Kudeaketa plana Antolamendu planaren baitan dagoenean. Bai Eguzki zein Landarlanek alegazioak aurkeztu dizkiogu Kudeaketa planari ere”.
Eguzkik eta Landarlanek diotenez, apirilaren 20an Kudeaketa planaren kontsulta epea bukatu bazen ere, handik bi egunetara Enirio-Aralar Mankomunitateak bere lurraldeari dagokion Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikorako kontsulta ireki zuen, “aurreko bi kontsulta publikoak oraindik erantzun gabe daudenean”.
Presaka ez ibiltzeko deia
Talde kontserbazionisten esanetan, aipatutako hiru plan horiek orain urtebete Aldundiak eta Mankomunitateak sinatutako akordioa dute oinarri. “Bere garaian kritikatu egin genuen akordio hura eta onartzen badira, abeltzaintzak lehentasuna izango du natur kontserbazioaren gainetik, Parke Naturalaren helburuen aurka joz”.
Aralarrek antolamendu plan berria behar duela onartzen duten, baina “aurrekoaren ebaluazio zorrotza eta zehatza falta” dela uste dute. “Aldundia eta Mankomunitatea presaka dabiltzala sumatzen dugu, konpetentziak errespetatu gabe, ezta elkarte eta herritarrok horrelako baldintzetan alegazioak aurkezteko izan ditzakegun zailtasunak kontuan izan gabe. Gainera, presak ez dira onak ezertarako, are gutxiago natur eremu babestu baten kasuan”.
Aurreratu dute Eguzkik eta Landarlanek alegazioak egingo dizkiotela Enirio-Aralarko mankomunitatearen planari, “ingurumen babesa eta naturaren kontserbazioa murriztu ez daitezen eta areagotu daitezen”. Hasteko, alegazio epea gelditzeko eta berri bat hasteko eskatuko dute, “falta den dokumentazioa osatzean eta Antolamendu eta Kudeaketa Plan berriak onartzen direnean, natur kontserbazioaren aldeko alegazioak kontuan izanda”.













