Kilometroak jaiaren sortzaileak omenduko ditu Lazkaoko ikastolak
Josu Erguin Kilometroak egiteko ideia izan zuena, eta 1977ko Kilometroak antolatzaileak izango dira ekitaldia. Lazkaoko Kepa Zubiarrain alkatea, Beasaingo Leire Artola alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ere parte hartuko dute.
Irantzu Amundarain Lazkaoko ikastolako lehendakaria Kilometroak 2026-ren aurkezpenean.Iñaki Gurrutxaga Gutxinaka gerturatzen ari da Lazkaon ospatuko den Gipuzkoako Ikastolen urriaren 4ko Kilometroak jaiaren egun handia. Horren harira, Kilometroak jaiaren sortzaileei eta fundatzaileei omenaldi ekitaldia egingo diete bihar, 11:00etan, Lazkaoko ikastolaren atarian.
Ikastolako guraso zen Josu Erguin izan zen Kilometroak jaiaren ideia bururatu zitzaion pertsona, eta 1977ko Kilometroak jaiaren antolatzaileak omendu nahi ditu Lazkaoko ikastolak.
Biharko ekitaldian izango dira Josu Erguin bera, orduan ikastolan zebiltzan andereño, ikasle edo juntakideak, eta hainbat erakundetako ordezkariak; besteak beste, Lazkaoko Kepa Zubiarrain alkatea, Beasaingo Leire Artola alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Irune Berasaluze Gobernantza diputatua eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia. Irantzu Amundarain Lazkaoko ikastolako lehendakariak ere hitza hartuko du ikastolaren izenean. Bitartean, Ion Martinez Lazkaoko ikastolako zuzendariak ekitaldia gidatuko du.
15.000 euskaltzale
Erguinek Estatu Batuetatik ekarri zuen jaiaren ideia, eta handik sortu ziren ondorengo Ibilaldia, Araba Euskaraz, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez. Sekulako arrakasta izan zuen lehen edizio hark; 15.000 euskaltzale elkartu ziren horien artean, Mikel Laboa eta Joxemiel Barandiaran.
6 kilometroko ibilbidea prestatu zuten Lazkaon eta Beasainen. Kilometroen helburua ikastolen alde dirua ateratzea zenez zirkuituan zenbat eta itzuli gehiago egin, orduan eta diru gehiago ematen zuten erakundeek eta enpresek.
Lazkaoko Ikastolak adierazi duenez, garaiak eta Kilometroak jaia «aldatu» dira, baina euskararen aldeko aldarrikapenak «bizirik» dirau.













