Segurako udako jardueretan izena emateko epea ireki du udalak
Maiatzaren 8tik 22ra egongo da udako jarduera ezberdinetan izena emateko epea irekita.
Udalekuak Seguran, artxiboko irudian. Hitza Segurako Udalak opor garairako udako jarduerak antolatu ditu aurten ere. Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko zerbitzuak ekainaren 29tik uztailaren 24ra gauzatuko dira. Igeriketa ikastaroa egiteko aukera ere egongo da, uztailaren 6tik 24ra bitartean.
Haurrei zuzendutako aisialdia 10:00etatik 13:00etara eskainiko da astelehenetik ostiralera Segurako plazan, Segurako Udalak kontratatutako begiraleekin. Gazte aisia ordu berean gauzatuko da gaztelekuan, Segurako aisialdi taldearen eskutik. Azkenik, igeriketa ikastaroa Oxiña igerilekuan egingo da, Jokin Elkoro irakaslearekin, 12:00etatik 13:00etara edo 13:15etik 14:15era.
Hiru jarduera hauetako batean izena emateko epea irekita dago gaurtik, maiatzaren 22ra bitartean. Segurako Udalaren web gunean eman behar da izena telematikoki.
Begiraleak, izen ematea
Segurako Udalak udako jardueretan begirale bezala lan egin nahi duten gazteentzako lan deialdia ere egin du. Interesatuek curriculuma eta izen emate orria (udalaren web gunean dago eskuragarri) beteta bidali beharko dute gazteriasegura@gmail.com helbidera maiatzaren 18rako. Aukeratuen zerrenda maiatzaren 29an jakinaraziko da whatsapp bidez izena ematen dutenen artean.













