AISA euskara ikasteko doako ikastaroetan izena eman daiteke jada
Maiatzaren 22a izango da izena emateko azken eguna. Ikastaroa ekainaren 3an hasiko da eta uztailaren 17ra arte luzatuko da.
Euskarara hurbildu eta aurreneko oinarriak eskuratu nahi duenarentzat, oinarriko euskara ikastaroa (AISA) antolatu dute elkarlanean AEK-k eta Ordiziako Udalak. 16 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroak izango dira, udalerrian bertan bizi edo lan egiten dutenei doan eskainiko zaizkienak. Helburua da euskararen ezagutza sustatzea eta herritarrak hizkuntzara hurbiltzea, modu eskuragarri batean.
Ikastaroa ekainaren 3tik uztailaren 17ra bitartean eskainiko da, astelehenetik ostiralera, bi ordutegietan: goizez, 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldez, berriz, 15:00etatik 17:00etara. Bi orduko saioak izango dira.
Egitasmo honetan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurrez. Maiatzaren 22a izango da horretarako azken eguna, eta interesdunak Goiztiri AEK Euskaltegiarekin jarri beharko dira harremanetan, Nafarroa Beherea 1 helbidean (Ordizia) edota ondorengoetako kanaletako baten bidez: ordizia@aek.eus helbidera idatzita, 943 88 91 74 zenbakira deituta edota 688 746 638 zenbakira whatsappa bidalita.












