Banatu dituzte Florentino Goiburu bertso paper lehiaketako sariak
Maddi Aiestaran beasaindarra izan da aurtengo irabazlea. Ondoren, bertso afaria egin zuten Atxurbide elkartean.
Legorburu (2. saritua), Aiestaran (irabazlea) eta Egaña (3. saritua) ostiraleko sari banaketa ekitaldian, Atxurbide elkartean. Jon Esnaola Florentino Goibururen omenezko bertso paper lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten ostiralean Idiazabalgo Atxurbide elkartean. Sari banaketaren ondoren, bertso afaria izan zen, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzeren eskutik. Lehiaketa Idiazabalgo Bertso Taldeak antolatu du, hirugarren urtez.
Maddi Aiestaran Iparragirre beasaindarra izan da aurtengo irabazlea Gure denbora lanagatik. Bigarren egin du Iñigo Legorburu Arregik (Errenteria) Mixel Aire, mendian gora lanarekin. Bera izan zen, 2024an irabazlea. Eta Urko Egaña Calderonentzat (Azpeitia) izan da hirugarren saria, Zergatik joan lanagatik. Gazteen mailan, Mara Orbe Alcalde Bilbotarra izan da saritua, Aitite eta amama lanarekin.
Ekitaldi eta afari jendetsua
Lehen hiru sarituek parte hartu zuten ostiraleko ekitaldian. Garaikurrak jaso eta bertsoak kantatu zituzten bertaratutakoen aurrean. Ondoren, bertso afaria jendetsua ospatu zuten. Aratz Imaz bertso taldeko kideak esan duenez, “oso giro polita” izan zen afarian eta ondorengo saioa “mundiala” izan zen “bertsoan bueltako iluntze-gau zoragarri bat pasa genuen”, amaitu du.






























