Legorreta eta Itsasondo arteko bidegorria argiztatuta, amaitu dira lanak
Legorreta eta Itsasondo arteko tartea argiztatuta, bukatu dira Tolosaldea eta Goierri elkar lotzen dituen bidegorriaren hobekuntza lanak. Hiru fasetan gauzatu da eta 437.750 euroko inbertsioa izan du.
Agirre, Asensio eta Aizpuru, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Legorreta eta Itsasondo lotzen dituen bidegorrian eguzki energia bidezko argiteria berria inauguratu dute gaur goizean Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Legorretako Iñaki Agirre zein Itsasondoko Iñaki Aizpuru alkateek. Bi herrien arteko mugan elkartu dira egindako lanak ikusteko.
Instalazio berri honekin amaitu da Alegia eta Itsasondo arteko bidegorriaren argiztapen osoa. Guztira, 6,77 kilometroko bidegorria argiztatzea ekarri du, 169 eguzki-argi instalatuz eta 437.750,23 euroko inbertsio globala eginez. Jose Ignacio Asensio diputatuak azaldu du, “herritarren segurtasuna eta bizi kalitatea hobetzen dituen proiektu estrategikoa” izan dela. Trantsizio energetikoan ere aurrerapausoa egin dutela ziurtatu du: “Aurrera egiten ari gara trantsizio energetikoan eta Gipuzkoako deskabornizazioan, energia berriztagarriak erabilita”.
Legorreta-Itsasondon, 57 eguzki argi
Legorreta eta Itsasondo arteko tarteak, zehazki, 1.730 metro inguruko luzera du, eta 57 eguzki-argi jarri dituzte, 30 metroko tarteetan zuzenetan eta 25 metroko tarteetan bihurguneetan. Lanak hiru hilabeteko epean egin dira, fase eta herri ezberdinetan banatuta, 2025eko azarotik 2026ko otsailera bitartean, eta 145.415,94 euroko inbertsioa egin dela jakinarazi dute.
Bi herrietako alkateak eskertuta agertu dira. Agirrek Legorretako Berostegi auzoan bizi diren herritarrek aurrerantzean izango dituzten onurez jardun da: “Obra honekin Legorretako bidegorriaren tarte guztia argiztatuta geratu da, eta eragin positiboa izango du, bai mugikortasun jasangarrian eta baita Berostegiko herritarrengan ere, aurrerantzean herrigunera joan-etorriak modu seguruagoan egin ahal izango dituztelako”.
Aizpuruk ere udalerrien arteko mugikortasunerako ekarriko duen hobekuntza azpimarratu nahi izan du: “Hobekuntza nabarmena dakar udalerrien arteko konexiorako, eta espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta atseginagoa eskaintzen die herritarrei oinez edo bizikletaz mugitzeko”.













