Merezitako omenaldia ‘Txanbero’ri
Senide, lagun, herritar eta kanporta ugariz lagunduta egin zen ostiralean, Jose Ramon Agirre Txanbero omentzeko ekitaldia Zegaman.
Omenaldia parte hartu zuten senide, lagun eta herritarrak, ostiralean Zegaman. Tartaloetxe Jendez bete ziren ostiralean, Zegamako plaza eta udaletxe azpiko arkupeak, Tartaloetxek antolatu zuen Jose Ramon Agirre Txanbero omentzeko ekitaldian. Omenaldia aurreikusita zegoen ordua baino lehen, euri zaparrada mardula bota zuen eta ondorioz, plazatik udaletxe azpiko arkupetara lekualdatu zuten ekitaldia.
Herritar zein kanpotar ugari bildu ziren omenaldira eta arkupeak ez ezik, euriak euri, plaza ere jendez bete zen. Ekitaldian zehar, bere bizitzako hainbat pasarte gogoratu zituzten: Zegamako ikastolaren sorreran eta ondorengo urteetan egindako lana, Kendu enpresaren sorreran izan zuen papera, Txarape auzoko etxebizitzen bultzatzaile izan zenekoa… Herritar gisa, ezker abertzaleko zinegotzi izan zen urtetan Zegamako Udalean, herrigintzan, euskararen bultzatzaile nekaezin izan zen, antzerkian, txosnetan, erreifa saltzen ere makina bat lan egindakoa izan zen eta Segurako Iparra-Hegoan ere partaide izan zen urte luzetan. Beti prest, esan zuten ezagutu zutenek, boluntario herriko ekimenetan laguntzeko.
Omenaldian herriko bertsolari, dantzari, trikitilari eta txistulariek hartu zuten parte eta Esnaola anai gazteek aizkora ikuskizun txiki bat ere eskaini zieten bertaratu zirenei.

















