EuroMaint CAF Taldearen filialak 300 milioi euroko kontratuak lotu ditu
Eskandinaviako trenen mantentze lanetarako zerbitzuak ematen ditu EuroMaint-ek. Bi kontratu sinatu ditu, Suedian eta Norvegian bana.
EuroMaint-eko bi langile tren batekin lanean.CAF EuroMaint CAF Taldearen filialak, Eskandinaviako trenen mantentze lanetarako zerbitzuak ematen dituenak, epe luzeko trenen mantentze lanak egiteko kontratuak sinatu ditu. Guztizko balioa 300 milioi euro ingurukoa da.
Bi kontratu sinatu ditu, Suedian eta Norvegian bana. CAFek ohar bdiez adierazi du kontratu horiek “indartu” egiten dutela “EuroMaintek Eskandinaviako herrialdeetako bidaiarien, merkantzien eta azpiegituren tren-operadoreentzako funtsezko bazkide gisa duen lidergoa”. Kontratu berriek barne hartzen dituzte bidaiarien eskualdeko zerbitzuak, merkantziak garraiatzeko tren-makinak eta azpiegituren mantentze-lanetarako ibilgailuak.
Eskandinavia merkatu estrategikoa eta hazten ari den merkatua da CAFentzat. Proiektu ugari bideratu ditu orain arte eskualde hartan, besteak beste, Oslo hiria aireportuarekin lotzen duen abiadura handiko linearako unitateak hornitzea, Helsinkiko metroa, eta Stockholm, Oslo eta Lund hirietarako tranbia-flotak. “Horri guztiari, gainera, EuroMainten jarduera gehitu behar zaio: 1.000 langile baino gehiago ditu, liderra da trengintza arloko zerbitzuen sektorean, eta mantentze-kontratuak ditu eskualdeko tren-flota nagusietako batzuentzat. Jarduera horrez gain, gainera, tren-osagaiak hornitzen ditu zenbait operadorerentzat”.












