"Herri txukun, ordenatu, atsegin eta eroso baten aldeko" adierazpena egin du udalak
Herritarrei dei egin die udalak hiri-ingurunea, eraikin publikoak eta berdeguneak garbi mantentzeko eta elkarrenganako eta inguruarekiko errespetua zaintzeko.
Beasaingo Loinatz jaien hasiera, iaz. Ariane Vierbücher Loinatz jaiak gertu daudela eta –ostiralean hasiko dira–, Beasaingo Udalak “herri txukun, ordenatu, atsegin eta eroso baten alde aldeko” adierazpena kaleratu du herritarrei zuzenduta.
Txukuntasuna eta garbitasuna, adierazpen askatasuna eta bizilagunen atsedena dira adierazpenaren oinarria. Herritarrei dei egin die udalak hiri-ingurunea, eraikin publikoak eta berdeguneak garbi mantentzeko eta elkarrenganako eta inguruarekiko errespetua zaintzeko.
Hau da adierazpena, hitzez hitz:
Beasain zainduagoa, denon ahaleginetik denon onurarako
Beasaingo festak ate joka ditugun honetan, gure herriko kaleak bizia hartzen dute. Une berezi hauetan ere, Beasaingo Udalak herri txukun, ordenatu, atsegin eta eroso baten aldeko aldarria egin nahi du. Guztion arteko bizikidetza eta herri-paisaiaren zainketa ez baitira helburu soilak, gure komunitatearen ongizatearen oinarriak baizik.
Beasain txukun mantentzeak ahalegin handia suposatzen du Udalarentzat, bai ekonomikoa eta baita giza-baliabideena ere. Zerbitzu bereziak, dekapatzaileak, garbiketa makinak eta berdeguneen mantenua eguneroko lana dira, festetan areagotu egiten direnak. Lan hori guztia balioan jarri nahi da, baina gogoraraziz hiri-ingurunea zaintzea guztion ardura dela.
Adierazpen askatasuna eta bizikidetza
Kaleak ideien eta sentimenduen plaza dira eta askatasun horrek ardurarekin eta errespetuarekin batera joan behar du. Herri garbi bat mantentzeak ez du adierazpena mugatzen; aitzitik, espazio hori duindu egiten du. Helburua, adierazpen horiek hirigintza-ingurunearekin eta hiri-paisajeari zor zaion errespetuarekin uztartzea da.
Gogoeta horren muinean dago udalbatzak, kontrako bozkarik gabe, onartutako Segurtasun eta Bizikidetza Ordenantza. Araudi honek adierazpen askatasuna bizikidetzarekin bateragarria egitea ahalbidetzen du, besteak beste, Beasaingo gune publikoan instalatu daitezkeen pankarten kokapena, hauen iraupena eta eskaera prozesua egituratuz, sentsibilitate desberdinetako kolektiboen eskubide eta betebehar berdinak izango direla bermatuz.
Espazio publikoaren erabilera zentzuduna eta garbitasuna
Beasaingo kale, plaza eta oro har gune publiko guztiak, beasaindarron ondare dira. Horregatik, guztiona den espazioa zaintzeko gutxieneko baldintzak ezartzen dira ordenantzan, arduratik abiatu behar diren jokabideak mantendu daitezen, zoladura, altzari zein eraikin publikoen mesedetan. Grafitiek eta kola bidez eransten diren kartelek adibidez, sarritan atzera bueltarik ez duten kalteak sortzen dituzte jabetza pribatu zein publikoetan eta gogoan eduki behar da, konponketa eta garbiketa lanen finantzaketa beasaindar guztion poltsikotik irteten dela.
Jaiak eta atsedena
Loinatz jaiak egun bereziak dira, festez gozatzeko garai bat non elkarrenganako eta gure inguruarekiko errespetua zaindu behar den. Zentzu horretan, mozorro egunean ateratzen diren karrozen erabilera arduratsu bat egitea eskatzen da, herriko plazak okupatu ez ditzaten eta bizilagunen atsedenerako garaia iristen denean bozgorailuetako musika kendu dadin. Gozatu festak arduraz. Zaindu dezagun Beasain, denona baita.












