Ia 800.000 euroko udal aurrekontua
Guztira, 786.175 euroko aurrekontua izango du Zeraingo Udalak aurten. EH Bilduren aldeko 4 botoekin onartu da aurrekontua.
Zeraingo plaza, artxiboko irudian. Mikel Albisu Zeraingo Udalak 786.175 euroko udal aurrekontua izango du aurten. Hala onartu zuen udal gobernuak pasa den martxoan egindako osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko lau botoekin. Zerain Burujabe herri kandidaturako hiru zinegotziek kontrako bozka eman zioten aurrekontuari.
Arantzazu Gereñu Zeraingo alkateak zehaztu duenez, aurrekontuaren zati handi bat —%30— pertsonal gastuetara bideratuko da, «239.695 euro guztira». Bestelako gastuei dagokienean, 84.400 euro gastatuko ditu udalak tokiko erakundeekin eta bestelakoekin dituen konpromisoetan, «herriko elkarteak, Uema, Udalbiltza, Eudel, Goieki, Goimen edo Tobera» jarri ditu adibidetzat. Gainera, beste 43.500 euro bideratuko dira herriko beste ekintza batzuetarako: «Euskarabetura, azoka ekologikoa, elkarteentzako ekarpenak, edo herriko festak», kasu.
Inbertsio nagusiak
Gainerakoan, inbertsioetarako 200.700 euro izango ditu udalak 2026an. Hainbat proiektu onartuta eta bideratuta daude, baina beste batzuk gauzatzea jaso daitezkeen diru laguntzen menpe daude, momentuz. Onartuta eta gauzatzeko prest dauden proiektuen artean «Aizpeako meatze barrutia eta bertan kokatuta dagoen kable ingelesaren mantenurako beharrezko tresnak gordetzeko erabiltzen zen biltegia berreskuratzeko lanak» azpimarratu ditu alkateak. Guztira, 80.000 euroko aurrekontua dute lan hauek.
Bideratuta dagoen beste proiektuetako bat, «Ostatu tabernaren kanpoaldean aterpe bat jartzekoarena da», urte guztian zehar eremu horri erabilgarritasuna emateko helburuarekin; 83.000 euroko aurrekontua dute.
Diru laguntzen menpe dauden proiektuen artean, bi esku hartze garrantzitsu daude; batetik, Errementari eraikinean osasun zentro berria egitekoa, «Osakidetzarekin elkarlanean» gauzatu beharrekoa. Eta bestetik, frontoiaren alboan erabilera anitzeko instalazio bat egitearena, «haur, gazte, heldu zein adinekoek» erabiltzeko eremu bat izango da.












