Sexilioari buruzko saioa eskainiko dute ostegun honetan Idiazabalen
‘Xerka’ fotokazetaritza proiektua eta argazki erakusketak osatuko dute saioa. Naia Blazquez eta Xabier Puy idiazabaldarrek ere parte hartuko dute, euren lekukotzak eskaintzeko.
Joseba Olagarai eta Martxel Larraza kazetariak. Hitza Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka sexilioari buruzko hitzaldia eskainiko dute bihar, 19:00etan Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. Hitzaldiarekin batera, aste betez ikusgai egongo den argazki erakusketa jarriko dute ikusgai. Ekimena, maiatzaren 17an mundu mailan ospatzen den LGTBI pertsonen aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako egunaren bueltan antolatu dute.
Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak eta LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du. Ikuskariaren osagarri, Naia Blazquez eta Xabier Puy idiazabaldarrek ere parte hartuko dute osteguneko saioan, gaiaren inguruan euren lekukotzak eskaintzeko.
Helburu positiboa
Mezu positibo bat helaraztea da saioaren helburu nagusia: «Euskal landa eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz», diote kazetariek. Izan ere, sexilioa esaten zaio «sexu orientazioa edo genero identitatea dela eta jasandako zapalkuntzarengatik familia eta jatorriko bizilekuetatik hiriguneetara ihes egin duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari».
Xerka 2023an ondutako proiektua da eta urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. Berria sariketan saritu zuten.












