Ihurreko eraso aporofoboa salatu du Olaberriako Udalak
Larunbat gauean bizitegi-bazterketako egoeran dagoen pertsona batek Ihurre auzoan jasandako irainak eta indarkeria ekintza bat gertatu zela azaldu du Jokin Garmendia Olaberriako alkateak.
Olaberriako Ihurre auzoa.Laida Goiburu Larunbat gauean Ihurre auzoan gertatu zen eraso aporofoboa (pobreekiko gorrotoa edo arbuioa) gaitzetsi du Olaberriako Udalak. Bizitegi-bazterketako egoeran dagoen pertsona batek irainak eta indarkeria ekintza jasan zuela adierazi zuen, Jokin Garmendia Olaberriako alkateak sinatzen zuen jakinarazpenean, asteartean. Gertakaria “negargarritzat” definitu du alkateak.
Hiru puntu zehazten ditu jakinarazpenean Garmendiak. Lehenik eta behin, gertakariaren “erabateko gaitzespena” nabarmendu du, eta edozein indarkeria-ekintza “onartezinak” direla esan du. Ihurreko gertakariaren kasuan, pertsona baten kalteberatasuna eta babesgabetasuna “ankerkeriaz” jokatzeko aprobetxatu dela salatzen du alkateak: “Gure gizarteko giza balioen eta bizikidetzaren erabateko porrota da”.
Bigarrenik, bikatimarekiko elkartasuna adierazi du Garmendiak, esanez, inork ez lukela tratu txarrik edo umiliaziorik jasan behar. Gainera, herritarrak deitu ditu kolektibo ahulenekiko edozein diskriminazio aktiboki baztertzea, eta larunbat gauean gertatutakoari buruzko informaziorik balute segurtasun kidegoekin lankidetzan jartzea.
Giza duintasuna edozein egoera pertsonal edo sozialen gainetik egongo den errespetu kultura sustatu behar dela babestu du alkateak: “Herritar ahulenei ematen zaien tratuaren arabera ezaugarritzen da gizarte bat. Horregatik, ez ditugu onartuko larunbatekoa bezalako errespetu faltak gizarte honetan”.












